Orion izandako erailketa matxista salatzeko mobilizazioak eginen dira Euskal Herriko txoko ezberdinetan

Azken erailketa matxista salatzeko ostegunean arratsaldeko 20.00etan Iruñeko Udaletxe Plazan izanen den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du Euskal Herriko mugimendu feministak.

2023-ko maiatzak 17

Orion eman da 2023ko lehen erailketa matxista Euskal Herrian. Gizon batek tiroz hil du emakume bat. Euskal Herriko mugimendu feministak hilketa hau salatzeko mobilizazioak antolatzen ari den bitartean, komunikatu bat kaleratu du bere samina eta elkartasuna eraildako emakumearen familiari adierazteko.

“Emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte”, gogoratu dute, eta “patriarkatuaren muturreko ondorioa” baino ez dela salatu dute, “egunero emakumezkoon bizitza baldintzatzen duen egitura baten ondorio alegia.”

Indarkeria hau “sistema heteropatriarkalaren ondorio” dela eta emakumeak nazkatuta daudela ziurtatu du mugimendu feministak. “Emakumeok gure bizitza proiektuak aurrera eraman nahi ditugu. Baina gizarte honen egitura patriarkalak gure bizitzak arriskuan jartzen ditu. Horregatik gizartearen egituraren oinarriari eragin behar diogu, feminismoaren irakurketei jarraituz. Ez dezagun ahaztu emakumeon gorputzetan gorpuzten bada ere, hau gizarte osoaren arazo bat dela”.

Autodefentsarako deia egiten dute, feministak batuz “gizartea errotik aldatzeko”, eta ildo horretan iragarri dute Euskal Herriko herri eta txoko ezberdinetan mobilizazioak egingo direla. Iruñean, ostegunean arratsaldeko 20.00etan Udal Plazan.

Gehiago