Olatu ekologista eratzeko lehenengo urratsa eman da Ekotopaketekin

Asteburu honetan Portugeleten ospatutako Ekotopaketak oso arrakastatsuak izan direla azpimarratu eta gero "olatu ekologista gero eta handiagoa egitea" da orain helburua. Justizia ekologikoa eta justizia soziala lotu nahi dituzte "krisi ekosoziala agendaren erdigunean jartzeko".

2022-ko urriak 3

Mugarritzat jotzen dute antolatzaileek Ekotopaketak. Kuantitatiboki euren aurreikuspenak gainditu direla aitortzen dute. Asteburu honetan Sastraka Gaztetxetik 500 lagun inguru pasa dira eta hitzaldiak eta otorduak leporaino egon dira.

“Baina, garrantzitsuena jauzi kualitatiboa izan da: euskal ekologismoan pausu sendo bat izan da. Energia asko zegoen, jendea gogotsu, aniztasun handia eta jendea alai eta indarrez zegoela hautematen zen hitzaldietan eta elkarrizketa informaletan, besarkadetan”, azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. “Sumatzen da kezka eta beharra dagoela”, gehitu dute.

Olatu berde berri bat eratzeko fronte bateratua

Ekotopaketa hauek inflexio puntu bat izan daitezkeela ere aipatzen dute antolatzaileek. “Gazte belaunaldiak erakartzea lortu da: gazte pila hurbildu da. Zorionez, emakume asko ere urreratu da.”

Antolatzaileen esanetan, bada indarra ekologismoan urrats berriak emateko. “Kezka eta beharra hego Euskal Herrian ekologismoa beste maila batera eramateko: olatu berde berri bat. Asanbladan dinamika edo kanpaina batekin hastearen ideiak harrera ona izan du: udazken honetatik aurrera datorren balizko krisi egoera horretan justizia soziala eta klimaren eta Lurraren defentsa uztartuko dituen fronte bateratu bat Euskal Herriko puntu ezberdinetan artikulatzen joango dena, eragile ezberdinetako eta bestelako ahalik eta jende gehien hurbiltzeko asmoz eta bide horretan denak ezagutzen joanez. Kontrahegemonia ekologista”.

Ekotopaketa hauen helburua bete dela azpimarratu dute, balorazio borobilari bukaera emateko. Alde batetik, krisi ekosoziala erdigunean jarri dute asteburu batez eta topaketak elkar ezagutzeko eta saretzeko baliotu dituzte. Jende berria erakarri dutela topaketa hauek, izan ere parte hartzaileen artean 350 pertsona ez daude gaur egun ezta talde ekologista batean, eta ildo horretan tresna ekologista berri baten beharraz eztabaidatu dute eta diagnosi amankomuna berretsi da, tresnaren beharra dagoela ondorioztatuz. Amaitzeko, norabide bat energia guzti hau kanalizatzeko badela eta dinamika bat martxan jarriko dela iragarri dute.

Gehiago