Navarra Suma-k asmatutako Euskara Ordenantza berriaren aurka azaldu da Iruñeko euskalgintza
Euskararen ordenantza eztabaidatu du gaur Iruñeko udalbatzak. Aurretik protesta egin du Iruñeko euskalgintzak Udaletxeko Plazan.
2019-ko azaroak 22
Iruñeko Udalaren azken erabakiek “flashback moduko bat” eragin dutela salatu dute. “1997ra atzera baino, infinitura eta harago eraman nahi gaituztela dirudi: lehen euskara zen gaitza, orain elebitasuna bera!”, ohartarazi du Nekane Otamendik.
Euskararen ordenantza aldatzeko prozesua “gardentasunik gabekoa” izan dela salatu dute, eta “herritarren eskubideen aurka egiteko helburu argia” duela. Ehunka lagun bildu dira Udaletxeko Plazan “Maia entzun, Iruñea euskaldun!” oihu artean.
Ekarpen eta zuzenketa epea zabalduko da orain, behin betiko onartu aurretik. EH Bilduk eta Geroa Baik kontra bozkatu dute, ordenantza berriak suposatuko duen atzerapausoa salatuz.
“Euskararen inposizioaren kontra eta aukera berdintasunaren alde” argudio berbera erabili dute Navarra Suma eta PSNko zinegotziek, hizkuntza ordenantza berria onartzerako orduan. 1997ko araua berreskuratu nahi izan du eskuinak, administrazioan lan egiteko euskara eskakizunak murriztuz eta hiriko paisaian euskararen presentzia gutxituz. “97tik honat egoera zeharo aldatu da eta orduan haur txikiak zirenak, gaur egungo gurasoak dira” adierazi du EH Bilduko Joseba Asironek, “Nola onartuko dugu orduan garai horretako araudirik? Gainera gezurra da 97 ordenantza aplikatuko dela, garai horietan UPNk ez zuen onartu eta orain nekez onartuko luke, puntu klabeetan atzerapauso handiago proposatu dute”. Zentzu berean mintzatu da Geroa Baiko Patxi Leuza, “euskaldunak gutxiengoa dira Iruñean eta beren eskubideak zaindu beharrean, geroz eta gehiago baztertu nahi zaie” adierazi du. Erantzun guztietan bai Navarra Sumako Garcia Barberenak eta baita PSNko Maite Esporrinek ere, “Iruindarren gehiengoari euskara inposatzen” ari zaiela adierazi dute, euskara ez ikusteko eskubidea asmatuz.