Navarplumako langileek Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatu dute gatazka konpontzeko
Gaur Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin dute euren lan baldintzak salatzeko eta datorren astelehenean Iruñeko Udaletxe plazan eginen duten kontzentrazioan parte hartzeko deia egin dute.
2019-ko otsailak 12
Navarplumako Zuzendaritzak langileen soldatak murriztu dituela “mota guztietako hertsapen eta presioen bidez” eta tailerreko langileen babes gabeziaz probestu dela (gehienak atzerriko etorkinak) salatu du berriz ere ELA sindikatuak gaur Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian. Enpresak “erabateko prekarietate-egoeran dauzka” langileak, ELAren hitzetan, “astelehenetik igandera doazen lanaldiekin, egutegirik gabe, aldez aurretik abisatu gabeko txanda-aldaketak eginez, segurtasun-neurririk eta laneko arroparik gabe, arrazoirik gabeko zehapen eta kaleratzeekin, segurtasun-kameren bidezko kontrolpean, eta abar, eta abar”.
2018ko apirilean hauteskunde sindikalik egin ziren enpresan, horrelakorik egin gabe 5 urte eta gero, eta enpresaren eragozpen guztien gainetik, azkenean ELAk hiru ordezkariak lortu zituen. “Handik goiti kidegoa antolatzeari ekin zion, aparteko enpresa-hitzarmen bat negoziatzeko asmoz. Navarplumako Zuzendaritzak, aldiz, ez du onartu ordezkaritza sindikala, eta langileekin negoziatzen saiatu da”. Dena dela, langileek uko egin diote enpresaren azken eskaintzari. Eskaintzaren puntuak hauek ziren: soldata-izozketa hiru urtetarako, plus txiki batzuk ez finkagarriak, eta laneko janzki bakar bat. Horiek horrela, langileek buru egin zioten zuzendaritzari, eta greba mugagabean daude otsailaren 1etik.
“Grebaren helburua enpresa-hitzarmen bat lortzea da”, dio ELAk, Nafarroako Ehungintzaren Hitzarmena erreferentziatzat hartuz; eta horren bidez “Navarplumako langileen baldintzak duintzea”. Gatazka hasi zenetik enpresa saiatu da greba-eskubidea urratzen, sindikatuak salatu duenez. Eta horretarako, Greba Batzordeari enpresan sartzea galarazi dio eta grebalariak ordeztu ditu. Jarduera horiek guztiak salatuak izan dira Lan Ikuskaritzan.
Navarpluma enpresak etekinak sortzen dituela baieztatu du ELAk. “Bere finantza-egoera oso ona da”, dio sindikatuak. ELAren Negoziazio Kolektiboaren eta Industria Politikaren Kabineteak aztergai izan ditu Navarplumaren kontuak eta enpresaren ustiapen-emaitza, eta deigarria da pertsonaleko gastuak enpresaren gastu guztien %3,5 bertzerik ez direla, eta urte bakar baten epean portzentaje hori %5etik %3,5era jaitsi dela.
Langileek beldurrez lan egiten dute
Lan-baldintzei dagokienez, 2018ko urrian Donostian egoitza duen giza baliabideen enpresa batek Navarplumako lan-giroari buruz txosten bat egin zuela zabaldu du ELAk. Horretarako, elkarrizketak egin zizkieten langileei banan-banan. Behin txostena burutu ondoren Navarplumako Zuzendaritzari aurkeztu zioten, eta emaitzak honako hauek izan ziren: Langileen %70ek “beldurrez” lan egiten dute. Horren arrazoia gehiegizko zaintza eta kontrola da (kameren bidezkoa, fitxaketa komunera joateko, zehapen eta kargu-hartze gehiegi…). Langileen %58en ustez Zuzendaritzak “agintekeriaz” jokatzen du. Langileen %68ek pentsatzen dute soldatak “apalak” direla.
Txostenean Jardunbide Plan bat proposatu zen egoera onbideratzeko. Eta, bertzeak bertze, enpresako Zuzendaritzari zuzenean gomendatu zitzaion akordio bat negoziatzea langileen ordezkariekin, lan-baldintzak adostasunez arautze aldera.
Nafar Gobernuari esku hartzera deia
Navarplumako langileek dei egiten dio Nafarroako Gobernuari gatazka honi konponbideren bat bilatzeko. Alde horretatik, ELAk bilera eskatuko dio Ekonomia Garapeneko Departamentuari gatazkaz aritzeko. Era berean, ELAk joan den urriaren 8an Sodenak eta Nafarroako Enpresarien Konfederazioak (CEN) lankidetza-akordio bat izenpetu zuten gogoratzen du, eta horren arabera Enpleguaren Nafar Zerbitzuak parte hartzen du programaren finantzazioan. “Navarpluma enpresak diru-laguntza publikoak jasotzen dituenez, zentzuzkoa da eskatzea Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea”, ELAren ustez. Gainera, Navarplumako enpresaria, Urteko Enpresari izateko hautagaia izan zen 2015ean. Sari hori “Revista de Negocios”ek, CENekin batera, ematen du Nafarroan.
Navarplumako langileek datorren ostiralean eguerdiko 12:00etan Iruñako Udaletxeko plazan eginen den kontzentrazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.