Navarplumako langileak greba jarraitzen dute eta Nafar Gobernuaren eskuhartzea eskatu dute berriz ere
Navarplumako langileak, greba mugagabean otsailaren 1etik, elkarretaratze hirukoitza egin dute gaur goizean Nafarroako Gobernuan, Sodenan eta Nafarroako Enpresarien Elkartean.
2019-ko otsailak 22
Grebaren helburua enpresa-hitzarmen bat lortzea da, Nafarroako Ehungintzaren Hitzarmena erreferentziatzat hartuz; eta horren bidez Navarplumako langileen baldintzak duintzea. ELA sindikatuak salatu duenez, gatazka hasi zenetik enpresa “greba-eskubidea urratzen” saiatzen ari da, eta horretarako, Greba Batzordeari enpresan sartzea galarazi dio eta grebalariak ordeztu dituela ziurtatu du ELAk. Jarduera horiek guztiak salatuak izan dira Lan Ikuskaritzan.
“Navarpluma enpresak etekinak sortzen ditu, bere finantza-egoera oso ona da. ELAk aztergai izan ditu Navarplumaren kontuak eta enpresaren ustiapen-emaitza, 2018ko martxoaren 31ko egunekoa (eskueran izan dugun azken datua), eta etekinak 1.376.760 eurokoak ziren. Oso deigarria da pertsonaleko gastuak enpresaren gastu guztien %3,5 bertzerik ez direla, eta urte bakar baten epean portzentaje hori %5etik %3,5era jaitsi dela”, esan du sindikatuak.
Gaur goizean egindako mobilizazioetan Navarplumako langileek Nafarroako Gobernuari gatazka honi konponbideren bat bilatzeko eskatu diote. Alde horretatik, ELAk bilera eskatuko dio Ekonomia Garapeneko Departamentuari gatazkaz aritzeko. Navarpluma enpresak diru-laguntza publikoak jasotzen dituenez, “zentzuzkoa” iruditzen zaio ELA sindikatuari Nafarroako Gobernuaren esku-hartzea.