Nafarroako zahar egoitzetako langileak greba egin dute, lan hitzarmen baten eta baldintza duinen alde

Urriaren 24tik 26ra, grebarako deia egin dute ELA, LAB eta UGT sindikatuek Nafarroako zahar etxeetan. «Nafarroako zahar etxeetako langile guztientzako hitzarmen bat hemen eta orain posible dela» sinetsita daude eta hori da aldarrikatu dutena.

2022-ko urriak 26

Egiten duten lanaren garrantzia «aitortzea» eskatu dute. Hiru sindikatuek oroitarazi dutenez, «urtebete baino gehiago daramagu gure sektorerako hitzarmen bat eskatzen, gure lan baldintzak duinak izan daitezen bermatuko digun hitzarmena; hilaren bukaerara soldatak handituz ailegatzea ahalbidetuko diguna; gure bizi baldintza materialak hobetuko dituena, eta horrekin batera, gure bizitzaren kalitatea hobetuko duena; atseden hartzeko eta familiarekin eta lagunekin egoteko denbora gehiago emanen digun hitzarmena».

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, «ez da gure alde deus egiten ari». Eta egoera horren aitzinean, «Nafarroako langile guztiontzako hitzarmena» aldarrikatu dute. Urriaren 24an, 25ean eta 26an «gehiegizkoak diren guttieneko zerbitzuek uzten diguten heinean» greba deialdiarekin bat egiteko deia egin dute hiru sindikatuek, «gure indarrak batu behar ditugu, karrikara atera eta karrikak bete».

Gehiago