Nafarroako txu txu AHT

2015-ko apirilak 7

Azken aldi honetan hainbat adituk esan eta idatzitakoaren arabera, Euskal Y grekoa egitearen argudioak bata bestearen segidan erortzen ari dira: Europarekiko konexioa (2032 arte gauzatuko ez dena eta hortik aurrera seguraski ezta ere, Franzia ari delako AHT egitasmo osoa auzitan jartzen bidegarritasun ekonomiko faltagatik); abiadura konpetitiboa (abiadura handitik izena baino ez du izanen, autobusen parekoak izanen bait dira hiriburuen arteko konexio denborak); errentagarritasun ekonomikoa (mundu mailan hiru baino ez direlako errentagarriak, estatu espainolean bakar bat bera ere errentagarria ez den bitartean); eragin sozioekonomiko positiboak (ez baitu ezta zerbitzuen sektorean ere, eta hiri txikietan negatiboak ere izatera hel daitezkeelako makrohirien mesedetan); merkantzien garraioa (gero eta aditu gehiagok zalantzan jartzen dituena);….

Nafarroako AHTren kasua are arrazoigabeagoa da. Shakespearek behin hauxe idatzi zuen: Nafarroak munduaren miresmena jasoko du. Eta ez da gutxiagorako ere. Izan ere, 65 km. eskaxeko AHT bat egin nahi izatea ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Beti esan izan da, munduan AHTk martxan jarri direla distantzia luzera  dauden populazio fluxu  handiko megahiriak konektatu ahal izateko. Honen arabera, Nafarroako kasuak txotxolokeriaren Giness marka zeharo gaindituko luke. Izan ere, AHT nimiño horrek 65 km. baino ez luke izanen, eta hurrenez hurren, 177 eta 4.120 biztanle duten Arrizabalaga (Campanas) eta Castejon “megamakrohiriak” lotuko lituzkeelako.

Urantziako autolasterketa zirkuito handiuste eta Navarra Arena pabilloi arrandiatsuaren ondoren, jaun andreok, zailetan zailena aurkezten dizuegu: munduko Txu Txu garestiena eta bildurgarriena, izugarrikerien trena. Sanz-guijuela jaunak odolez diseinatua, Yoli andere  txit izugarriak erratza – kolpez zuzendua, Robertikoren hezurdurak astindua,  eta azken aldi honetan trenera igo nahi duen Uxue Trenes prestidigitadoreak xaxatua.

Den dena ikusita zenuela uste bazenuen ere, Apirilaren 11, eguerdiko 12,30etatik aurrera Sarasate pasealekutik abiatuta, Nafarroako Txu txu AHT aurkeztuko dizuegu.

Hamaika ikusteko jaioak garelako, etorri gurekin gozatzera.

Gehiago