Nafarroako Gobernuak torturak jasandako beste bi biktima aitortu ditu, osotara 33 dagoeneko
Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen ondoriozko indarkeriaren biktimak bezala aitortu ditu Alberto Goñi eta Joxe Aldasoro nafarrak.
2024-ko abenduak 20

Nafarroako Gobernuak ofizialki aitortu ditu giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten Estatuaren indarkeriaren beste bi biktima, Alberto Goñi Diez eta Joxe Aldasoro Jauregi.
Aitortza hauek 16/2019 Foru Legearen arabera sortutako Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak eman ditu. Batzorde horren helburua Nafarroan eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen ondoriozko indarkeriaren biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematea da.
Alberto Goñi Díez hiru aldiz atxilotu eta torturatu zuen Polizia Nazionalak, 1979an, 1982an eta 1985ean. Atxiloketa horietan guztietan aske utzi zuten, eta urte horietan Polizia Nazionalaren etengabeko jazarpenak jasan zituen.
Joxe Aldasoro Jauregi 2010ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, orduko Grande Marlaska epailearen aginduz. Inkomunikazioan tortura fisikoak eta psikologikoak jasan zituen. Torturak salatu zituen Iruñeko epaitegian, baina salaketa artxibatu egin zuten.
Aitortza hauekin, Estatuak Nafarroan hamarkadetan erabilitako indarkeria argitara emateko prozesuari jarraipena ematen zaiola uste du Egiaren garaia da ekimenak. Gaur gaurkoz, gutxienez 33 pertsona aitortu ditu Gobernu Foralak.
Torturatuen Sareak eta Egiari Zor Fundazioak osatzen dute Egiaren garaia da. Memoria inklusiboa Nafarroarentzat ekimena, eta balorazio positiboa egin dute aitortza berri hauen inguruan. “Estatuko biktimen aitorpen ofizialak berekin baitakar urte luzeetan jasan dugun diskriminazioa apurka-apurka gainditzea, eta jasandako giza eskubideen urraketak erreparazio-bidean jartzea”, dio zabaldutako oharrak.
Ohar horretan ere azpimarratu dute “garrantzitsua dela Nafarroan Estatuaren indarkeriaren biktimek errekonozimendu-eskaerak aurkezten jarraitzea: poliziaren indarkeriaren, gerra zikinaren, salbuespenezko espetxe-politikaren ondorioz eraildako pertsonak, errepide-kontroletan edo eskuin muturreko taldeek erabili zituzten sigletako edozeinen bidez erasotutakoak, Estatuko segurtasun-indarrek torturatutako pertsonak, bala-zauriak, poliziak jaurtitako gomazko piloten ondorioz erailak, manifestazioetan errepresioa, ondasun materialen aurkako atentatuak, bahiketak, legez kanpoko atxiloketak, desagertzeak…”
Gogoratu dute epeak zabalik jarraitzen duela 2027ko uztailera arte, eta eskaerak egiteko eskatzen duten pertsona guztiei laguntzeko prest daudela berretsi dute. Horretarako, nahikoa da info@egiarizor.eus edo nafarroakotorturatuensarea@gmail.com helbide elektronikora idaztea edo telefono honetara deitzea: 948 30 77 15.
“Gure ustez, ezinbestekoa da biktima guztien aitortza inolako diskriminaziorik eta asimetriarik gabe egitea. Horrela, Estatuaren indarkeriaren biktimok pairatzen ditugun diskriminazioak gainditzeko bidean aurrera egingo duen bizikidetzako esparru baten oinarriak ezarriko dira, termino demokratikoetan. Aitortza hauekin beste urrats bat ematen da gure herrian bizi izandako sufrimendu guztia aitortua eta konpondua izan dadin, horrela inoiz gehiago ez errepikatzea bermatuz. Egia osoa ezagutzeko eskubidea dugu, eta egia hori denbora luzeegian ukatu zaigu Estatuaren indarkeriaren ondorioz eragindako biktimei eta, oro har, Nafarroako gizarte osoari.”