Nafarroako gobernuak lan publikorako euskararen ezagupena ez duela kontutan hartuko salatu dute

Inglesa baloratzen den bitartean, euskararen ezagupena ez dute kontuta hartuko oposizio batzuetan. Nafarroak aldaketa politikoa behar duela dio EHEk. Erabaki honen aurka kontzentrazioa egin dute talde euskaltzaleek.

2014-ko irailak 5

Nafarroako Ogasuneko langile izateko lanpostua lortzeko xedearekin azterketara aurkeztuko direnek, ingelesa ezagutuz gero, erdietsitako puntuazioa ehuneko 10ean igotzeko aukera edukiko dute. Aldiz, azterketara aurkeztu direnek euskara ezagutzeak, ongi menperatzeak edo zerbitzua euskaraz eskaintzeko gaitasuna izateak ez dute azterketaren emaitzari begirako eraginik izango.

Iaz, Nafarroako Gobernuak esleitutako Lan Deialdi Publikoetara aurkeztu ziren bi lagunek aipatu egoera errekurritu zuten administrazioaren aurrean. Lehenik Nafarroako Gobernura jo zuten. Honen isiltasunaren ondotik, Francisco Javier Eneriz Nafarroako Arartekoari helarazi zioten kexa, eta honek egindako ikerketak ondorioztatutakoaren arabera ere, “euskara bertako hizkuntza eta ofiziala den heinean, euskara atzerriko hizkuntzen gainetik baloratu behar da”.

Nafarroako Gobernuak ez du Arartekoari jaramonik egiteko asmorik, EHE eta Administrazioan Euskaraz taldeek salatu dutenez, eta halaxe frogatu du Enerizen ikerketaren ostean egin diren bi Lan Deialdi Publikoetan.

"Euskara nahitaezko baldintza izan behar da euskal administrazio ezberdinetarako lanpostu publiko bat lortzeko tenorean. Bestela, ezinezkoa da herritarrek administrazioarekin zein euren egunerokoan euskaraz bizitzeko duten eskubidea bermatzea", azaldu dute euskararen aldeko talde hauek.

Euskal Herrian Euskaraz-ek igorritako prentsa ohar batean azpimarratu du "Nafarroak behar duen aldaketa" aldarrikatzen jarraituko dutela. "Kanpo esku hartzerik gabe, bertatik eta bertara erabaki eta garatuko dugun hizkuntza politika burujabeak behar ditugu behingoz". EHEren ustez "aldaketa politikoetatik etorriko dira, nahitaez, euskara dagokion lekura eraman dezaketen aldaketa juridikoak: euskara euskal administrazioetako langile izateko ezinbertzezko baldintza izatea eragingo duten aldaketak, kasu".

 

Gehiago