Nafarroako AHTren obretan lan istripua izan zuen langileak hil egin da
LAB sindikatuak Tafallako AHTren obretan zauritutako langilearen heriotzaren berri eman du, eta salatzen du lan istripua bero olatuaren baitan eman zela, suteen arriskuagatik jarduera asko gelditu zituztenean, baina ez AHTren obrak.
2022-ko uztailak 29
LABek uztailaren 15ean, Tafallan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan lanean ari zela, oso larri zauritutako langilearen heriotzaren berri izan du eta azken honekin aurten Euskal Herrian, gutxienez, 46 langile hil egin direla salatu du.
“Lehenik eta behin, LABek doluminak eman nahi dizkie langilearen senideei eta gertukoei. Heriotza hori bereziki krudela eta mingarria da, ez baita beharrezkoa, alferrikako azpiegitura baten obrak baitira”, esan du sindikatuak ohar baten bidez.
“Salatu nahi dugu, halaber, egun horietan, Nafarroan hainbat sute larri suertatzen ari ziren bitartean eta jarduera asko geldirik zeudela, AHTren arduradunek jarduerarekin jarraitzea erabaki zutela, langileei arrisku handiko bero-baldintzetan lan egitera behartuz eta, ondorioz, lan-istripu bat izateko aukerak biderkatuz”, kritikatu du sindikatu abertzaleak.
Euskal Herrian AHT eraikitzeko lanetan lan-istripuz hil diren pertsonak ugariak izan direla ere gogoratu du LABek, “lan horiek egiteko lan baldintza eskasak agerian utziz”. Horregatik guztiagatik, LABek istripua gertatu zeneko inguruabarrei buruzko “ikerketa serio eta sakona” eskatu du, egon zitezkeen erantzukizun guztiak argituz. Era berean, Euskal Herriko AHTaren obra guztiei segurtasun arloko auditoria bat egitea exijitzen du.
“Alferrikako azpiegitura hori geldiaraztea” ere eskatzen dute “diru publikoa eta baliabide naturalak ez ezik, langileen bizitzak ere irensten baititu”.