Nafarroak behar duen euskararen ofizialtasunerako lege berri bat babestu dute gizarte eragileek
Hainbat gizarte eragileetako ordezkariek urriaren 27an "Behingoz euskara ofiziala Nafarroa osoan" lelopean egingo den mobilizazioari atxikimendua eman eta bertan parte hartzeko deia luzatu dute. Media Luna parketik, Gazteluko plazatik eta Iturramatik abiatuko dira hiru zutabe, justizia, berdintasuna eta kohesioa aldarri. Amaierako ekitaldia Autobus Geltokiko belardian izango da.
2018-ko urriak 24
Iruñeko Peñen federazioko kide Imanol Azkona izan zen eragile sozial guztien izenean manifestazioari atxikimendua emateko egindako manifestua irakurri zuena. “Urtetan, euskaldunok pairatu behar izan dugu gure hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoa, Nafarroan, eta lurraldearen zati handi batean eskubideen aitortza eza. Horrela, euskaraz bizitzeko proiektuetan buru-belarri aritzeaz gain, euskararen garapenaren aurkako politikei aurre egin beharrean izan gara, gehiegitan. Hizkuntza-eskubideak herritarren oinarrizko eskubideak dira, baina Euskararen Legeak eskubideak bermatu baino mugatu egiten dizkie herritarrei” esan zuen.
Gaur egun, Nafarroan indarrean dagoen Euskararen Legea euskaraz bizitzeko eskubidea tokiaren arabera baizik ez zaio aitortzen herritarrari. Eragile sozial hauen hitzetan, honek “gizarte kohesioaren aurka egiten du, tentsioak eraginez eta pertsonei bizimodua zailduz”, eta bestetik “irudi txarra zabaltzen du gutaz, bazterkeria legez jasota duen komunitate bat aurkeztuz”. Lege honek euskararen garapena ez duela ahalbidetzen ere salatu zuten.
“Zailtasunak zailtasun, herritarron nahiak eta lanak ekarri gaituzte gauden tokira, eta euskaraz bizitzeko ilusioa eta helburu hori lortzeko gogoa bizi-bizi daude. Hain zuzen, euskaraz bizitzeko herri gogo hori ere izan zen 2015ean gertatutako aldaketa politikoaren eragileetako bat”, azpimarratu zuten. Zentzu horretan onartu zuten euskararen garapenaren aldeko aukera leiho bat zabaldu dela Nafarroako Parlamentuan, Euskararen Lege berria egiteko ponentziaren bidez. “Horregatik, abaguneak eskaintzen duen aukera baliatu behar du Nafarroako gizarteak, lege berri bat onduz egiazki eta efektiboki aitortu eta berma daitezen euskaldunon hizkuntza-eskubideak, behingoz”, esan zuten.
Alderdi politikoei eskatu zieten “oinarri berri sendoak jartzea” eta lege berri bat egitea. “Euskaldunok merezi eta behar dugun lege babesaren alde egiteko unea da hau. Guztion erantzukizuna da, bakoitzak bere aldetik, norabide berean bultza egitea”.
Jada 80 eragilek egin dute bat larunbata honetan Iruñean eginen den mobilizazioarekin. Horien artean Bilgune Feminista, Paris 365, Katakrak, El Salvador Elkartasuna, Euskal Herria Mendi Erronka, Iruñeko Peñen Federazioa, ELA, LAB, CGT, Steilas, ESK, Hiru, EHNE, EH 11 kolore, Ernai, Errigora, Herri Kirolen Federazioa, NIZE, Olatukoop, Orreaga fundazioa, Kebenko, Gora Iruñea, Manuel de Irujo Fundazioak, San Fermin 78 eta Kattalingorri, lesbiana, gay, bisexual eta transexualen aldeko elkarteak…