Nafarroa: S.O.S. FRACKING

2015-ko urtarrilak 14

Eramos pocos y parió la abuela. Erdal esaera zaharrak ederki ongi islatzen du Nafarroan- eta zoritxarrez edonon – naturak pairatzen duen eraso zerrenda amaigabeari beti beste txikizio bat gehi dakiokeela. AHT, Esako urtegiaren handitzea, Olaztiko errauskailua, autopista elektrikoak, Nafarroako ubidea, Castejongo zentral termikoak, zentral eolikoak,  Zilbeti eta beste tokietako harrobiak,…eta hauek guztiak gutxi bailiren, beste mehatxu itzela ate joka dugu: frackinga edo haustura hidraulikoa.

Petrolio merkearen gainbeheraren testuinguru honetan, kapitalismoa etsi-etsian beste energia iturri bat bilatzen ari da hazkunde ekonomikoa mantentzeko, jakitun izan arren petrolioa ordezkatzeko ezer ez duela aurkituko. Eta hor kokatu behar da fracking inguruan sortzen ari den sukarraldia, beste burbuila espekulatzailea eragingo duena. Nahiz eta teknika honek porrot ekonomikoa suposatu, energia enpresak estatu espainiarraren laguntzaz penintsula osoan ari dira beren planak aurrera eramaten.

Nafarroan ere bost zonalde zabal mehatxupean daude, nafar legebiltzarrak bere lurraldean ezarri zuen debekua Auzitegi konstituzionalak berriki indargabetu ondoren. Bost zonalde hauetako proiekturik aurreratuenak honako hauek dira:

-EBRO-E: Biana eta Aras udalerriak harrapatzen ditu, Errioxako zati handi batekin batera. Azken honetan zundaketak eta lan sismologikoak egiten hasiak dira. Hori dela eta, Nafarroako zatian ikerketa lanetan edozein unetan has daitezke.

-USOA ( orain  ENARA HANDIA ): Lana ibarra mehatxatzen du, Arabako zonalde batekin batera. 2008. garren urtean Sociedad Publica de Hidrocarburos de Euskadi enpresak ikerketa egiteko baimena jaso zuen.

-AQUILES: Nafarroako lurrik hegokoenak ustiatu nahi dituzte, besteak beste, Cortes, Buñuel, Fustiñana, Ribaforada eta Bardeak. 2013. urtean ikerketa egiteko baimena eman zioten Frontera Energy Corporation S.L. enpresari.

Hauetaz gain, beste bi zonaldetan ikerketa  egiteko baimenak eskatuta daude, nahiz eta oraindik eman gabe egon:

-PEGASO: Sakana, Urbasa-Andia, Lizarraldea eta Iruñerria.

-QUIMERA: Iruñerria, Agoitzaldea, Longida, Erromantzatua, Zaraitzu eta Erronkari.

Ikusten denez, Nafarroa erdia mehatxatuta dago. Izan ere, kapitalismoaren munstroa hil baino lehen dena suntsitzen saiatuko da. Frackingak eguratsa kutsatu, ura zikindu, eta  lurra erabat txikitzen du. Beraz, naturak paira dezakeen erasorik suntsigarriena da. Ezin diegu astakeria hau egiten utzi. Nafarroa Fracking ez Plataforma gure esperoan dago.

Gehiago