N-121-A errepidean bide mozketa Beran Nazioarteko ibilbidean dabiltzan kamioiak desbideratzea eskatzeko

Alkateen deiari erantzunez, ortzirale iluntzean jendetza bildu da Beran errepidea moztu eta nazioarteko garraioan dabiltzan kamioiak N-121-A errepidetik desbideratzea eskatzeko. Eskaera, lehenik eta behin, Nafarroako Gobernuari zuzendu diote. «Betegarria» dela diote alkateek, dagoeneko badirelako antzeko desbideratzeak indarrean dituzten errepide batzuk Katalunian eta Errioxan.

2020-ko otsailak 29

Errepide mozketaren ondotik, alkateek ez dute geldirik egoteko asmorik: «epe erdira mugimendua antolatzeko asmoa dugu», dio Baztango Joseba Otondok eta Doneztebeko Xanti Utergak, berriz, «aldaketarik ez badago, bertze ekintza batzuk izanen direla» baieztatu du.

Berako Aitor Elexpuruk dioen bezala, «gure eskakizunak agenda politikoan egon daitezen» errepide mozketak, hitzaldiak eta hainbat kanpaina egiteko asmoa dute. Hurrengo errepide mozketa martxoaren 13an Uharten eginen dutela argitu du Igantziko Juankar Unanuak. Sunbillako Amets Indak, bere aldetik, «emaitzak epe luzera begira lortuko direla» nabarmendu du baina «beharrezkoa» ikusten du «lanean segitzea, orain eta gero».

Gehiago