“Mugimenduan gaude, lurrikara gara”: Nafarroako Neska* Gazteak topaketak ospatu ditu Atarrabian
‘Non nor gara, borrokan. Astindu, mugitu, saretu’ leloak ongi azaltzen du Nafarroako Neska* Gazteon Topaketen funtsa. Errealitate ezberdinak bildu arren, Nafarroa bada borrokatzeko lurralde bat eta bertan kokatzen dira, subjektu politiko gisa, Erriberri, Baztan edo Lizarrako kideak.
2021-ko abuztuak 18
‘Non nor gara, borrokan. Astindu, mugitu, saretu’ leloarekin, Atarrabiako Udaletxe plazan elkartu dira 80 bat neska, Nafarroa osokoak: Erriberri, Baztan, Iruñerria, Sakana, Lizarra, Eguesibar, Ultzama…
Hausnarketa batetik dator aukeratu duten lema. «Alde batetik, Nafarroak badu idiosinkrasia propio bat; oso errealitate kultural, politiko eta linguistiko ezberdinak biltzen ditu, baina halere, bada lurralde bat borroka egiteko eta gu Nafarroan kokatzen gara, Tuteran edo Beran. Bertan, neska* gazte subjektu politikoari egiten diogu erreferentzia, bagarelako nor», adierazi du kide batek. Nor eta non lotzen dituzte hala.
«Neska gazteak umeen zaintzara eta klase partikularrak ematera bideratuak gaude eta hor jada zapalkuntza ezberdinak hasten dira», ohartarazi dute. Zapalkuntza ezberdinak gurutzatzen dira eta subjektuen eraikuntzan ezinbestekoa deritzote horiek kontuan hartzeari.
Gainera, lurraldetasunaren afera jarri dute mahai gainean. «Nafarroa da Euskal Herri osoan sare propioa duen bakarra. EAEn eskualde mailako sareak dituzte. Zergatik Nafarroan? Agenda politiko propioa duelako».