MTorres enpresaren “Israelekiko konplizitatea” salatu dute Nakba egunean
Gaur goizean, armagintzan sektorean interesak eta Israelekin harremanak dituen M Torres enpresaren atarian protesta egin dute Palestinarekin Elkartasuna ekimeneko kideek "bere konplizitatea seinalatzeko" eta enpresara sarrerari trabak jarri dituzte.
2025-ko maiatzak 15

Nakba palestinarra gogoratzen da gaurkoan. 77 urte joan dira Israelen sorreratik eta palestinar herriarentzako horrek suposatu zuen sarraskitik. “Kolonizazioak, apartheidak eta garbiketa etnikoak ezaugarritutako 77 urte izan dira”, salatu dute.
“Etengabeko Nakbaren testuinguruan, estatu sionistak ofentsiba areagotu du Palestina osoan. Gaza militarki erabat okupatzeko eta garbiketa etnikoa gauzatzeko plana onartu du”, gogoratu dute MTorres enpresan egindako ekintzarekin.

Ekintzaileen hitzetan, M Torres “horren guztiaren konplize da”. Izan ere, Israelgo industria militarrarekin kolaboratzen du gerrarako hegazkinen ekoizpenean. Bestetik, salatu dute “Israelen existentzia Mendebaldeko enpresa, gobernu eta instituzioen konplizitateari lotuta” dagoela, eta Euskal Herrian ere “agente asko daude Israelekin kolaboratzen”.
Palestina askatzeko, presoen askapenerako eta errefuxiatuen itzulerarako eskariak plazaratuko dituzte datorren larunbatean Iruñean eginen den manifestazioan, eguerdiko 12:30etan Golem zinemetatik abiatuko dena.
