Mobilizazioak izanen dira Nakba-ren 78. urteurrena gogoratzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak maiatzaren 15ean aterako da kalera Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon. Yala Nafarroak manifestazioa deitu du maiatzaren 16an.
2026-ko maiatzak 5
Gaur Iruñean egindako agerraldi batean, Palestinarekin Elkartasuna ekimenak eta BDZk gogora ekarri dute nola sortu zen Israelgo Estatua. “1948an, orain dela 78 urte, indarkeria eta suntsipenaren bidez sortu zen Israelgo Estatua: milioi eta erdi arabiarretatik 750.000 desplazatuak izan ziren, 500 herrixka baino gehiago suntsituak izan ziren, lur horietan kolonia israeldarrak eraikitzeko, eta milaka pertsona erail, bortxatu edo torturatu zituzten”. Palestinan, gertakari horiei Nakba deitzen zaie, “hondamendia” arabieraz, hain zuzen ere.
Gertatutakoa ez ahazteko eta gaur egun Israel egiten ari den genozidioa salatzeko berriz kaleak hartzeko deia egin dute. “Ezin dugu 1948ko hondamendia ahaztu, baina ezin dugu ahaztu ere hondamendiak jarraitzen duela palestinarrentzat, eta Israel hondamendia zabaltzen ari dela: Libanon, Iranen eta mundu osoan eragina izango duten gerrak sortzen ari da. Horregatik diogu hondamendira garamatzatela”.
78 urte geroago, sionismoa garai hartan abiatutako garbiketa etnikoaren proiektuari “behin betiko bukaera” eman nahian dabilela salatu dute. “2023ko urritik, entitate sionistak inoiz baino argiago erakutsi du bere benetako asmoa: garbiketa etnikoa eta Israel Handiaren proiektua. Are gehiago, Palestinako mugetatik gaindi, Eufrates eta Niloren arteko eskualde osora zabaltzen ari da bere proiektu kolonizatzailea, mugimendu sionistaren sorrerako proiektuari jarraituz”.
Ameriketako Estatu Batuekin batera Iranen aurkako erasoa eta Libanoren aurkako bonbardaketak logika honetan ere kokatu dituzte. “Israelek esplizituki adierazi zuen bonbardaketarekin eta garbiketa etnikoarekin jarraituko zuela Libanon, bertako lurralde gehiago kolonizatzeko, eta, aldi berean, Gazan eta Zisjordanian okupatutako lur palestinar gehiago bereganatzeko, Jerusalem ekialdea barne. Estrategia kolonizatzaile horren funtsa nabaria da: Israel, etsi-etsian, bere mugak eskualde osora hedatu nahian ari da”.
Horren aurrean “Israelen zilegitasuna auzitan jarri” behar dela adierazi dute. Izan ere, BDZ eta Palestinarekin Elkartasuna ekimeneko kideen hitzetan, Estatu sionistaren “existentziak eta bere proiektu kolonialak, ezinbestean, garbiketa etnikoa” dakarrelako “Palestinako eta Libanoko arabiarrentzat eta gerra Mendebaldeko Asia osoarentzat”. Zentzu horretan kokatu dute Israelen desegitea: “Alemania Nazia garaitua izan zen modu berean, Israel garaitua izan beharko da”.
Israelek AEBetako eta Mendebaldearen aldetik duen laguntza ere salatu dute agerraldian “hauek ematen baitiote armamentua, finantzaketa eta babesa”, eta kriminalizazio operazio guztien aurreran erresistentziarako Palestinak duen eskubidea aldarrikatu dute.
Nakbaren urteurrenean kaleak hartzeko deia egin dute Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eginen diren mobilizazioetan parte hartuz. Iruñeko mobilizazioa gaueko 22.00etan abiatuko da Udaletxetik.

Yala Nafarroak manifestazioa eginen du maiatzaren 16an
Maiatzaren 16an, larunbatarekin, Yala Nafarroaren txanda izanen da. “Herri palestinarrari elkartasuna adieraztera eta Israelek herri arabiar eta pertsiarren aurka egindako ekintza belizista eta genozidak gaitzestera animatzen zaituztegu”, dio Yalak. Nakbaren hasiera gogoratzeko egun sinboliko honetan, Israel boikoteatzeko deia indartu nahi du Yalak. Manifestazioa arratsaldeko 18.00etan abiatuko da Iruñeko Baluartetik.
