Milaka lagun elkartu dira Iruñean Aroztegiko proiektuan auziperatuei elkartasuna adierazteko

Lurraren defentsa kriminalizatzea ez dutela onartuko adierazi dute. Jakitera eman dutenez, epaiketa maiatzean eginen da.

2025-ko otsailak 1

Aroztegiko “proiektu espekulatzaile eta suntsitzailea” salatzeko Euskal Herrian egindako hamarka ekimen eskertu nahi izan dituzte baztandarrek. Elkartasuna lurralde osoan hedatu da azken asteetan, auziperatuei babesa emateko.

“Gaur, hemen, Aroztegiaren kontrako borroka, kasu isolatu bat ez dela erakutsi dugu”, esan dute manifestazioaren amaieran, eta hainbat borroka aipatu dituzte: Erdiz Bizirik, Ostia!, Araba Bizirik, Guggenheim Urdaibai Stop!, Sustrai Erakuntza, AHT Gelditu, Subflubialik Ez!…

Aroztegiko proiektuaren nondik norakoak gogoraru dituzte: 350 biztanle dituen Lekarozko herrian luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet egin nahi dituzte. Horrek ondorio latzak izango zituela nabarmen dute. “Gure herriko antolaketa, lurra, hizkuntza, mundu ikuskera eta bizimodua zangoz goiti” jarriko zituela salatu dute.   “Hastapenetik herriaren borondatearen gainetik bortxaz eta errepresio bortitzaren bitartez inposatu duten proiektua da. Beraz, herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, herrien burujabetza eta askapenaren aldeko borroka baita.”

Aldaketa klimatikoaren mehatxua aipatu dute borroka ekologista aldarrikatzeko. “Bizitza sostengatzeko ezinbertzekoak diren ura, lurra, ingurugiroa eta tokiko nekazaritza estentsiboa, defenditzen dugunez, borroka ekologistarekin ere bat egiten dugu. Gure lurrak desjabetu, gure hizkuntza eta kultura desagerrarazi eta gure bizitzak kapitalaren menpe jarri nahi dituzten proiektuen aitzinean, guk, gure kultura, hizkuntza, herri lurrak eta mundu guziak bizitza bizigarriak edukitzea aldarrikatzen dugu.”

Aroztegiaren aurkako ekimenetan parte hartzeagatik auziperatutako 7 lagunei elkartasuna adierazi diete, eta ohartarazi dute  “aurrekari arront larria” suposatuko liekela Euskal Herriko herri mugimenduei. “Epaiketa honekin herri mugimendu osoa kriminalizatu nahi dute, horren parean erne gaude!”, esan dute.

Azkenik, jakitera eman dute epaiketa atzeratu egin dela eta maiatzean eginen dela.

Gehiago