Indarkeria matxistaren eta faxismoaren aurka erantzun feminista emateko deia egin dute azaroaren 25 honetan
Azaroaren 25a indarkeria matxista salatzeko eguna dela eta kaleak hartzeko arrazoiak ez direla falta nabarmendu nahi izan du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. "Arrazoiak ez zaizkigu falta kaleak aldarriz, haserrez, amorruz, eta garrasi ozenez betetzeko", azpimarratu dute gaur Iruñean datorren asteko asteazkenean eginen diren mobilizazioak aurkezterakoan. Euskal Herriko hiriburuetan eginen dira manifestazioak. Iruñekoa Antoniutti Parketik abiatuko da arratsaldeko 19.00etan.
2026-ko azaroak 17
Azken urtean Euskal Herrian eraildako 5 emakumeak gogoan izan dituzte, haien izenak gogora ekarriz; Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie. “Indarrez eta goxotasunez beteriko besarkada bero bana haien senide eta lagunei Euskal Herriko Mugimendu Feministaren izenean. Ez zaudete bakarrik eta ez dugu gertatutakoa ahaztuko. Memorian bizirik mantenduko dugu. Memoria kolektiboa borrokarako tresna gisa ulertzen baitugu; oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokarako”.

Faxismoaren gorakada bete-betean, ez direla “garai errazak” aitortu dute. “Sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalistak egitura guztiak martxan ditu zapalkuntzak betikotzeko, eta beraz, indarkeriak betikotzeko. Gorputzetan nahiz lurraldeetan. Aspalditik diogu hiru zapalkuntza sistema horien ondorioz, emakumeak*, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak garela kolpatuenak. Eta baieztapen hori geroz eta era ageriagoan ari da materializatzen faxismoak, eskuin muturrak nahiz eskuineko hainbat mugimendutan ikus daitezken jarrera eta diskurtso erreakzionarioen bitartez”.
Horien aurrean feminismoa borrokarako tresna dela azpimarratu nahi izan dute, baina mugimendu honen “instrumentalizazioa” ez dutela onartuko ere ohartarazi dute, bereziki “gorrotozko diskurtsoak zabaltzeko eta feminismotik ezer gutxi duten neurriak proposatzeko”. Ildo horretan, diskurtso arrazistak edota segurtasunaren izenean polizia gehiago behar dela ideiarekin ez dutela bat egingo argi utzi nahi izan dute. “Kontrara, justizia feministan sinetsi eta justizia feminista eraikitzen jarraituko dugu”, ziurtatu dute.
Azken asteotan Euskal Herrian izan diren herri mobilizazioetan mugimendu feministaren presentzia nabarmendu nahi izan dute, eta azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka berriz kalera ateratzeko deia egin dute. “Ez ginelako atzera egiteko jaio. Etor daitekenaren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean”.
Aliantzen garaia eta instituzioei mezu bat
Aliantzak egiteko garaia ere badela ohartarazi dute feministek. “Askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin. Zapalkuntzak izendatuz eta etsaiari aurre eginez”, eta Euskal Herriko Mugimendu Feminista bide horretan ari dela lanean baieztatu dute, “geroz eta indar gehiago batzen”, hain zuzen ere.
Indarkeria erreproduzitzen ari diren eta indarkeria matxistarekin amaitzeko baliabiderik jartzen ez duten instituzioen aurka antolatuko direla ere aurreratu dute, eta horrekin batera anaidia sostengatzen ari diren gizonen aurka ere bai. “Faxismoari feminismoz erantzungo diogu”, aldarrikatu dute.
Abenduaren 11n herriz-herri memoria kolektiboa
Bestalde, aurreratu dute indarkeria matxistaren biktimak gogoratzeko Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak abenduaren 11n memoria kolektiboa indartzeko ariketa erraldoi bat eginen duela, herriz-herri. “Indarkeria matxistari aurre egiteko urrats bat gehiago” izanen da, “instituzioei ardura har dezaten” exijitzeko.
