Mikel Oteiza (Atarrabiako alkatea): “Politikoki lortu ezin duena judizializatzen du UPNk”

Nafarroako Administrazio Auzitegiak Euskal Herriko armarria Atarrabiako frontotik kentzea agindu du. Herriko UPNko batzarrak jarri zuen salaketa. EH Bilduko alkatearekin mintzatu dira Euskalerria Irratiko mikrofonoetan gai honi buruz.

2022-ko martxoak 16

Nafarroako Administrazio Auzitegiak Atarrabiako pilotalekuan marraztutako Euskal Herriko armarria kentzeko agindu du, UPNk jarritako helegite bati erantzunez. Armarriak “botere publikoen neutraltasun politikorako eta interes orokorrak objektibotasunez zerbitzatzeko betebeharra urratzen duela” argudiatu dute erregionalistek. Atarrabiako Udalak ikurraren alde egin du, baina auzitegiak ez ditu aurkeztutako argudioak aintzat hartu. Mikel Oteiza alkatea izan da Metropoli Foralean.

Zer iruditu zaizue Administrazio Auzitegiaren erabakia?

Nik uste dut atzera goazela. Beste behin ez dituzte kontuan izan gure argudioak. Sinbolo legeen irakurketa zorrotz bat egin dute, eta ez gaude batere konforme ebatzi dutenarekin.

Udalak argudiatu du “Euskal Herria adierazpenak identitate kultural eta linguistiko” bati egiten diola erreferentzia, eta ez “errealitate juridiko edo politiko” bati. Auzitegiak ez dute iritzi hori aintzat hartu.

Txosten sakona aurkeztu genuen, eta ez dira sartu apenas fondoan. Ez dute baloratu argudiatutako guztia. Guk armarri hori duela 10 urte baino gehiago jarri genuen. Bere momentuan UPNk ez zuen salatu. Orain, jende berria sartu da, eta horren aurka jo dute. Horregatik diot atzera goazela.

Eta zergatik uste duzu orain egin dutela armarriaren aurka?

Jende aldaketa egon da, alderdian duten barne krisiaren ondotik. Jende berri horrek aurten deskubritu du antza frontoia badagoela armarri hori. Euren estrategia hori da. Orain hau eraman dute Administrazio Auzitegira, baina aurretik plantilla organikoa errekurritu zuten ezarritako perfil linguistikoengatik. Politikoki lortu ezin dezaketena judizializatzen dute.

Erabaki honen ostean Atarrabiako Udalak ezinbestean bete beharko du agindua, edo baduzue oraindik helegitea aurkezterik?

Nafarroako Auzitegira jotzeko aukera badago, oraindik aztertu behar dugu nola erantzun. Abokatuen eskuetan jarri dugu gaia, eta beraiek aztertuko dute. Gerora ikusiko dugu ebazpenaren aplikazioa nola egin dezakegun. Aukera guztiak mahai gainean daude.

Gehiago