Mendoza jauna, “no se raje”!
2015-ko urriak 14
Hispanitatea ospatzera behartzen gintuen oporralditxoaren atarian izan nuen Imanol Haranbururi Hizkuntz Eskoletako Bulegoko Buru izateko eman berri zitzaion izendapena bertan behera uzteko agintzen zuen zure erabaki “pertsonalaren” berri. Emandako arrazoia: iraganean ETArekin izan zuen harremanak “mesfidantza” eragiten zizula.
Bada agintean daudenei zor omen zaien ehun eguneko "konfidantza" emanez, pozik jaso izan nituen zuganako lankideen artean entzundako iruzkinak: iazko ekaina arte irakaskuntzan jardun izanak gure kidegoarengan murrizketa aldi luze honek sortu dituen gabezien ezagutza zuzenaren jabe izango zinela, Lan Eskeintza Publikorako deialdia luzatzekotan zinela, behinbehinekotasun gorrian bizi diren gure lankideeen lan baldintzetan egonkortasun maila handituz; gelako ikasle kopurua zerbtxobait murriztearen alde pausuak ematekoa zinela; gure lan ordutegia murrizketa aurreko garaietara hurbiltzeko asmoa zenuela, … Hau da, azken urteetan Nafar Gobernuak garatu dituen politika murriztaileekiko benetako aldaketa burutuko zenuela.
Afiliatua naizen sindikatuarekiko konpromezuak deituta, lau urtez aritu nintzen UPNko eta CDNko Hezkuntza Departamentuko arduradunekin talkan, inolako normalkuntza politikarik erdietsi ezinean. Urte horietan hainbat goi eta erdimailako arduradun ezagutu nituen, kontseilari aldeketen gainetik bere karguan jarraitzen zuten izen eta abizenak. Haietariko hainbat zuk ere bere horretan berretsi dituzu, bakarren bat ardura handiagoekin saritu ere bai, nafar jendartean somatzen zen benetako aldaketa nahia, eta administrazioaren haize berritzearen beharra zapuztuz.
Guardia Civilak landu, zure aurreko Hezkuntza Kontseilariak babestu, eta "Diario de Navarra" zein "El Mundo" egunkariek argitaratu zuten D ereduko irakasle gaizto batzuen zerrendan zerrendaburu aurkeztu ninduten. Garai hartan ez nuen niganako eraso pertsonaltzat hartu "anakletokeria" hori, gaixoturiko ildo polizial baten, maila eskaseko Kontseilari baten eta ildo editoriala ederki gizendu zezaketen komunikabide batzuen enegarren lotsagabekeriatzat baizik.
Baina Nafarroa Garaiko egoera politikoa aldatu da, hala omen; Erregimena erori da, hala omen; beraz inkisizio kutsuko jarrera hauek ez lukete berriz gertatu behar. Nafarroako Gobernu berria babesten duten indar politikoek, bere garaian, ez zuten begi onez ikusi iragan edo hautu politiko batean koka zitezkeen irakasleekiko jazarpena. Pentsa daiteke beraz, ez liratekela ados egonen Haranburu jaunaren izendapena bertan bahera uzteko hartu duzun erabakiarekin, bere "iragana" aipatu baituzu arrazoi gisa, profesional mailako argudio falta agerian utziaz.
Ez da harritzekoa, Mendoza jauna, ez baizenuke topatuko Imanol Haranbururen gaitasuna zalantzan jarriko lukeen argudiorik ez Iruñeko ezta Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialetan.
Harro esan dezaket Imanol Haranburu ezagutzen dudala. Bere lankideek bezalaxe, badut bere profesionaltasun eta seriotasunaren berri. Ezaguna da Iruñeko eta Tuterako Hizkuntz Eskoletan bere zuzendaritza eta dinamizaziorako gaitasuna. Eta zure kargugabetze erabakia ez da bidezkoa izan, ulertezina eta justifikaezina izan da.
Hausnartu benetan erabaki honen zuzentasunaz, Mendoza jauna; izan ausarta, “no se raje”!
Eneko Yurramendi Aleman-Irakaslea