Meategi zabaltzeko proiektuan herritarren parte hartzea ziurtatzeko plana eskatu dute

Nafarroa eta Aragoiko hainbat alderdi politiko, sindikatu, talde ekologista eta gizarte esparru askotako elkarte eta ehunka hautetsik bat egin dute potasa meategien aurkako plataformarekin, eta bi erkidegoetako gobernuei eskatu diete Nafarroako ekialdearen eta Zaragozako probintziaren artean Geoalcali enpresak aurrera daraman “Muga meategia” proiektua etenarazi dezatela, herritarren eta gizarte eragileen iritzia kontuan hartuko dela bermatuko duen parte hartze plan bat abiarazi bitartean.

2016-ko ekainak 3

Parte hartze planak enpresak Nafarroa eta Aragoin dituen meatzaritza proiektu guztiak har ditzan eskatu die halaber. Gogorarazi dutenez, plan erraldoi horrek bost meategi irekitzea aurreikusten du, eta 550 kilometro koadroko eremuari eragiten dio Nafarroa, Zaragoza eta Huescako lurretan.

“Egitasmoak 34 udaletako ehun herri baino gehiagori eragiten die”, adierazi dute, “50.000 lagun bizi diren eremu batean. Eraginetako batzuk Iruñetik oso gertu izango lirateke, beste batzuk Esako urtegitik oso distantzia laburrera”.

Alarmak piztu ditu Muga proiektuak

Zangoza eta Xabierko lurretan gauzatzen ari den Muga proiektuak alarma sozial handia piztu duela azpimarratu dute eskariaren egileek. Haren aurkako alegazioak aurkeztu dituzte hainbat udalek, baita talde politiko eta sozialek eta banako ugarik ere.

Zalantza eragin duten gauzen artean, aipatu dituzte enpresaren proiektuak sismizitateari buruz dituen gabeziak, Esako urtegiaren segurtasuna, inguruko sistema hidrologikoaren gaineko eraginak eta meategiak ekarriko lukeen trafiko astunaren gorakada –1.000tik gora kamioiren joan-etorria egunero–.

Herritarren parte hartzea ez dela benetan ahalbidetu salatu dute

Gogor kritikatu dute orain arteko prozeduran herritarren parte hartzeari eman zaion tarte eskasa. Esan dutenez, proiektua publikoki agertu da hilabetez baina legeak eskatzen dituen aurretiazko kontsultak egin gabe. Agerpen publikorako epean udako hilabete batez 6.000 orrialdeko agiria herritarren esku jartzera mugatu zirela ere salatu dute.

Nafarroako Gobernuak eskatuta, Geoalcali enpresak berak Muga meategiaren egitasmoari buruzko parte hartze plan bat jarri du martxan; aurkarien esanetan, plan horren helburua ez da benetako eztabaida sustatzea, proiektuaren aldeko atxikimenduak biltzea baizik. Enpresak, bestalde, bere webgunean nabarmendu du zuzeneko 800 lanpostu eta zeharkako 3.500 sortuko dituela meategiak.

Gehiago