Martxoaren 8ko greba feminista eta ideia nagusiak aurkeztu dituzte

Martxoaren 8ko Greba Feministaren planteamendua eta helburuak azaltzeko agerraldi bat eskeini du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Gasteizko Talka espazioan.

2019-ko urtarrilak 16

Hiru hilabete baino gutxiago geratzen dira Martxoaren 8rako. Hiru hilabete baino gutxiago Euskal Herriak Greba Feminista berri bat bizitzeko. Eta egun hori aurkezteko, agerraldi nazionala egin du Mugimendu Feministak Gasteizen, orain dela hilabete bat okupatutako Talka espazio feministan. “2019ko Martxoaren 8an emakumeok, transok eta bollerok lan guztiak utziko ditugu eta kaleak hartuko ditugu berriro ere”, azaldu dute.

Orain arte egindako prozesuari dagokionez, herri, eskualde eta maila nazionalean antolatzen hasi dira asanblada ireki zein batzordeetan. Aurten, grebaren aldarrikapenak ondo zehaztu nahi zituztenez, oinarri politiko amankomun batzuk ipintzeko ahalegina egin dute. Horretarako kolektibo ezberdinekin elkartu dira Mugimendu Feministako kideak, dossier bat aurkeztuz eragilez-eragil, gaur prentsaren aurrean aurkeztu dutena. “Greban, jendarte osoa eta instituzioak interpelatuko ditugu”, azaldu dute.


Bost galdera eta bost erantzun, zalantzak argitze aldera

Bost galdera erantzun dituzte datorren Martxoaren 8ko Greba Feminista kontestualizatzeko. Alde batetik, Greba Feminista bat zer den azaldu nahi izan dute. “Greba Feminista bizitzako esparru guztietan kokatzen da, soldatapeko zein doako lanetan, sexualitatean, kontsumo ereduan, familia eraikitzeko moduan, jakintzak ekoizteko eran, arrazakeriaren aurrean, edertasun ereduan eta zapalkuntza guztien aurrean. Beraz, Martxoaren 8an, transen, bolleren eta emakumeen bizitzak erdigunean jartzea da egunaren asmoa”, esan dute.

Horregatik, bost ardatzetan antolatu dute greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumo Greba Feminista izango da.

Greba Feminista honetan zer eskatuko duten ere argitu dute. “Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu”. Horretarako, zaintzaren “berrantolaketa soziala” aldarrikatzen dute, alegia, pertsonen zaintza ez dadila zapalduen bizkarrean geratu. Finean, paktu sozial berri bat aldarrikatzen dute. Aurten, gainera, zaintzaren gatazkari zentralitatea eman nahi dio Mugimendu Feministak. Horregatik, “etxeko eta zaintza lanetan, soldatapean zein modu doakoan, dauden emakumeekin* aliantzak sortzera, estutzera eta indartzera goaz eta lan hauek azaleratzeko moduak bilatzearekin batera”. Bestetik, Martxoaren 8an bertan, gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen diete.

Gaurko prenstaurrekoan ere grebaren subjetua nor den azaldu nahi izan dute. Emakumeak, bollerak eta transak, hau da, “heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektuak”. Argitu nahi izan dutenez, “Greba Feministaren subjektu guztiak ez gara emakume bezala izendatzen. Are gehiago, iruditzen zaigu emakume eta gizon kategoria patriarkalekin amaitu beharra dagoela”. Beraz, emakume* hitza erabiltzerakoan, heteropatriarkatuak zapaldutako subjektuez ari da Mugimendu Feminista.

Bestetik, Mugimendu Feministak hiri eta herrietan deitutako mobilizazioetan parte hartzera animatu dute eta ez beste eragile batzuk deitu dezaketen ekimenetan. Modu berean, Greba feminista dinamikaren irudi eta aldarrikapenak erabiltzera deitu dute sindikatu, alderdi edo beste edozein erakunderen sigla eta koloreen protagonismoa ekidituz. “Ez dugu Mugimendu Feministaren borroka inor xurgatzerik onartuko, ezta honen erabilpen alderdikoi edo korporatibista interesaturik ere”.

Greba nola eginen den ere azaldu dute. Aurreko urtean bezala, greba egiteko eta grebaren parte izateko hainbat modu egongo dira emakumeentzat*: Lantoki eta ikasgeletan greba egitea, herri eta hirietako mobilizazioetara joatea, zaintzeari uztea eta, hori irudikatzeko, amantala balkoian eskegitzea, eskualde edo arlo konkretu batean greba antolatzea eta zabaltzea edota besoko morea eta txapa ipintzea grebarekin bat egiten dela adierazteko.

Hala ere, ez dute ahaztu nahi izan kontsumo greba batean aurrean gaudela. Beraz, Martxoaren 8an ez kontsumitzera deitzen dute Mugimendu Feministatik. “Greba Feministarekin eguneroko normaltasunarekin apurtu nahi dugu, hiriak, herriak eta auzoak geldiaraziz. Beraz, dena itxita egotea da helburua”.

Zeri egingo zaion planto Martxoaren 8an ere azaldu nahi izan dute. Mugimendu Feministaren esanetan, “egungo zapalkuntza sistema basatia ezin dugu termino bakar batekin definitu”, eta kapitalismo, patriarkatua, heteroaraua, kolonialismo eta kapazitismoari planto egitea eskatzen dute.

Gehiago