Manifestazio nazionala Donostian Palestinako herritarren aurkako oldarraldia salatzeko
Euskal Herriko arlo ezberdinetako norbanako ezagunek "Gazako sarraskia gelditu. Konponbide politikoa orain" izeneko manifestua sinatu dute, eta larunbata honetan Donostian izanen den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia egin dute. Martxa 17:30etan abiatuko da Antiguako tuneletik.
2023-ko urriak 17
Urriaren 7aren geroztik, indarkeriaren areagotzea gertatzen ari da Israelen eta Palestinan. Bi aldeetako zibilen heriotzak “zeharo mingarriak” direla nabarmendu dute “Gernika-Palestina Ekimen Herritarra” osatzen dutenek, Euskal Herriko arlo ezberdinetako aurpegi ezagunak, eta “bake aukeratik urruntzen gaituzte, dagoeneko 75 urtez luzatzen den gatazka honetan” gertakariak direla azpimarratzen dute.
Gazaren gaineko bonbardaketa Gernikako bonbardaketarekin parekatu eta palestinarren mina berea egiten dute sinatzaileek. “Gernikako bonbardaketaren herria gara eta badakigu zer gertatzen den lehergailuak herrien eta herritarren gainean zerutik modu indiskriminatuan jaisten direnean. Horregatik, oso gertu dugulako sarraski haien mina, ezin dugu gogotik urrundu ikusten ari garena: Gazako kale hondatuak, umeen azken hatsak, gurasoen oihu lazgarriak, dena galdurik ala mehatxuek bultzaturik, ihes egin behar dutenen begi umelak.”
“Ezin dugu halakorik onartu. Sarraski honen aurrean ezin dugu ixilik egon” azpimarratzen dute, eta premiazkotzat jotzen dute “eskalada belikoa gelditzea eta bake eta itxaropen etorkizuna eskaintzea.”
Manifestuan berehalako su-etena eskatzen da eta “zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea”. Ildo beretik, Gazako setioa eta, oro har, Palestinako lurraldearen gaineko mehatxuarekin bukatzea eskatzen dute, eta laguntza humanitarioaren sarrera ahalbidetzea ere eskatzen dute. Herritar palestinar eta israeldarrek “bakean bizitzeko eskubidea” dutela uste dute, eta horretarako “konponbide baketsu eta negoziatua” eskatzen dute “Nazioarteko Zuzenbidean eta NBEren ebazpenen betearazte zorrotzean” oinarrituta. “Bake justu, egonkor eta iraunkorra helburu, nahitaezkoa da okupazioari amaiera ematea eta Palestinaren autodeterminazio eskubidea bermatzea”, aipatzen dute bukatzeko.
Euskal herritarrei kalera ateratzeko deia egiten diete, eta larunbata honetan, Donostiako Antiguako Tuneletik arratsaldeko 17.30etan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egiten diete.