Malerrekan ezarri nahi dituzten parke eolikoen aurka agertu dira herritar ugari

Iturengo plazan egindako agerraldi batean, Malerrekan egin nahi dituzten 3 proiektuen aurka borrokatzeko Malerreka Bizirik plataforma eratu dutela jakinarazi dute.

2023-ko maiatzak 24

Krisi ekologikoa eta honek eragin duen aldaketa klimatikoa, biodibertsitatearen suntsipena eta erregai fosilen agorpenaren testuinguruan, energia berriztagarrien aitzakiarekin “multinazionalek finantzatutako eta instituzioek babestutako proiektu txikitzaileak” hedatzen ari direla salatzeko antolatzen hasi dira Malerrekan. “Makroproiektuek gure bazterrak txikitzen dituzte. Enpresen helburua interes pribatuak asetuz irabazi ekonomikoak lortzea besterik ez da, gure ingurugiroa eta ongizatea ez zaie batere inporta”, azpimarratu dute egindako agerraldian. Trantsizio energetikoa euren asmoak aurrera eramateko baliatzen dutela uste dute, “herritarron bizkarrera betikoek aberastasuna pilatzeko”.

Malerrekan ez ezik, Bortzirietan, Leitzan, Goizuetan edo Baztanen iragarri dituzte gisa honetako makro parke eolikoak. Zehazki, Malerrekan 3 proiekturen berri izan dute. Enpresa ezberdinek (Eliceo multinazional belgikarra, Zelena Renovable SL madrildarra) inguruko mendietan haize errota eolikoak paratu nahi dituzte. Zubieta eta Iturengo Galardi proiektuan, Eliceo enpresak hainbat lurren informazioa eskatu du, lur komunalak edo herri lurrak tarteko. Lur horietan, 5 edo 6 haize errota paratzeko asmoa adierazi dute. 120 metro luze izango dituzte zutabeek, eta beste 75 metro hegalek, beraz, osotara ia 200 metro. Honi gehitu behar zaio, errotak mendira goitzeko kamioientzat pistak zabaldu beharra, 6-12 metroko pistak hain zuzen ere. Haize errotak kokatzeko, mendietan plataformak eta 10 metroko zuloak zimentuak jartzeko egin behar dira. Eta sortutako elektrizitatea garraiatzeko beste estrukturak batzuk ere egin behar direla ohartarazten dute.

Informazio falta

Herritarrak kexu dira, izan ere, informazioa lausoa jaso dute orain arte. Euren lurrak erabili nahi dituzte parke eolikoak jartzeko, baina sortutako energia ez da euren herrietan geldituko. “Ekoizten den energia ezin da pilatu: sare elektrikora bideratzen da, merkatuan saltzeko. Hori gutxi balitz, energia horren zati bat atzerrira saltzen da. Pentsa “energia berriztagarrien lurraldea” den Nafarroan sortzen den energiaren ia %30a atzerrira saltzen dela”.

Argindarraren prezioaren gorakada eta multinazionalek egiten duten negozioa jo puntuan, euren ingugiroaren defentsan agertu dira, eta mendien txikizioa ez dutela onartuko adierazi dute. “Mendiak txikitu, ingurugiroa eraldatu, lurrak mugitu, zuhaitzak bota, ur-iturriak izorratu, animalia eta gizakionganako eraginak…Pentsa zenbat kalte, bai guregan baita gure paisaian ere, gutxi batzuen mesedetan. Gure herri eta mendiak bizirik nahi ditugu, eta horretarako beharrezkoa da honen guztiaren aurrean antolatzea”.  Trantsizio energetiko justuago baten aldeko apustua egiten dute, eta ez “espekulatzaileen eskutik” etorriko denaren aldekoa.

Gehiago