Maiatzaren 18an Uharten ospatuko da aurten Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaia

Hiru gune ezberdinak izango ditu ibilbideak eta adin guztiendako ekimenak izango dira.

2014-ko apirilak 3

Herriz herri eta eskolaz eskola egiten duten lana kalera atera eta ospatzeko jaia antolatu dute Sortzen taldeko kideek Uharteko irakasle, ikasle eta gurasoekin batera. Azken bi urteotan, ordea, eguraldia ez dute lagun izan eta Uharte herriak eskaintzen dizkien azpiegiturek eguratsari aurre egiten lagunduko diete.

Uharteko herriak PAIa gelditu eta euskarazko matrikulazioa igo dute, eta hori txalotu dute Sortzenetik.

Aurtengo jaiaren kantak Oihana Afu eta El Drogas pirata kantariak izan ditu bidelagun, eta Xabi Zabalaren irlan geldialditxoa egin dute jaia alaitzeko kantua grabatzeko.

Uharteko "piratak" egitarau zabala osatu dute maiatzaren 18a ospakizun eguna izan dadin. Hiru gunetan antolatu dituzte emanaldi eta tailerrak, eta horietan lekua egin diete aurreko bi edizioetako lagunei: batetik, artisauak, ardi ile-moztaileak edota rokodromoa hartuko ditu Arga ibai ertzeko Hazitxo guneak familiko txikienek gozatzeko; bigarrenik, gazteentzako tailer eta kontzertuak Txantxu guneak bilduko ditu; eta azkenik, Uharteko eskola plazan familia osoarentzako emanaldi nagusiak ikusi ahal izango ditugu Tipu gunean.

 

Gehiago