Magnesitas de Navarrak Erdizen proiektatu duen meategia baztandarren iritziaren gainetik egin nahi du
Magnesitas de Navarrak Udalez Gaindiko Eragina duen Plan (UGEP) gisa egin nahi du Erdizen meategi bat. Modu honetan, Baztango herritarrek ez zuten proiektu honetan erabakitzeko aukerarik. Gaur agerraldi bat egin dute eta ondorengo komunikatua plazaratu dute.
2022-ko otsailak 21
2007an Magnesitas de Navarrak Erdizen egin nahi zuen meategiaren proiektua herritarren mobilizazioei esker gelditu genuen. Geroztik Magna multinazionalak hainbat trikimailu eta presio erabili ditu proiektu hori berreskuratu eta baztandarrei historikoki dagokigun herri lurren kudeaketaren eskubidea urratzeko. Zilbetin, Udalez Gaindiko Eragina duen Plan (UGEP) gisa bertze proiektu bat abiatu zuten, Baztanek parte duen Kintoko lurrak desjabetuz. Proiektu hori legez kontrakoa zela erran zuen Espainiako Auzitegi Gorenak Aldude Mendiko babes bereziko eremua arriskuan jartzen zuelako. Etenik gabeko eraso honetan 2017an Baztan eta Esteribarko udalerrien arteko mugaren aldaketa bat gauzatzea ere lortu zuten.
Erdiz Bizirik-etik behin eta berriz adierazi dugu proiektu honek gure kultura, bizimodua eta etorkizuna arriskuan jartzen dituela eta ez dugula horrelako proiekturik inposatzea onartuko. Orain dela bi urte Magna multinazionaleko zuzendaritzako kideak Erdiz Bizirikeko kideekin bildu zirenean, proiektua ez zutela UGEPa bezala tramitatuko erran bazuten ere, berriki jakin dugu beren benetako asmoa zein den. Berriz ere, gezurra eta azpijokoa baliatuz, proiektua UGEP baten bitartez tramitatu nahi dute. Baztanen egin nahi den herri galdeketaren emaitza errespetatu gabe eta Baztango Batzar Nagusia eta Baztango Udalaren erabakitzeko ahalmena deuseztatuz.
Hori gutxi balitz, beren burua zuritzeko eta UGEPa tramitatzeko beharrezko itxurakeria bihurtu den prozesu parte hartzailea abiatuko dutela erran dute, baztandarrei parte hartzea eta kolaborazioa eskatuz. Iruzur honen aitzinean, Erdiz Biziriketik hurrengo eskaera egin nahi diegu herritar zein instituzioei:
1. Baztango herritarren eta Baztango instituzioen erabakitzeko ahalmena deuseztatzen duen prozesu parte hartzaile honi boikot aktiboa egitea. Alde batetik ez parte hartuz eta bertze aldetik, publikoki UGEP honen izaera bortitza salatuz.
2. Baztango herrietako batzarrei, Batzar Nagusiari eta Udalari, inposaketa honen aitzinean, Baztango herri lurrak eta erabakitzeko ahalmena defendituz UGEParen tramitazioa geldiarazteko eskatzea.
3. Nafarroako Gobernuari eta hura sostengatzen duten alderdi guztiei UGEParen tramitazioa bertan behera utzi eta herritarren borondatea errespetatzea.
4. Herritar guztiei dei egiten diegu inposaketa hau gelditzeko egin behar diren mobilizazio guztietan parte hartzera.