Loiuko aireportura iristerakoan Ertzaintzak Flotillako aktibistak jipoitu eta atxilotu ditu

2026-ko maiatzak 23

Argazkia: Oskar Matxin

Global Sumud Flotillak (GSF) bere haserre eta gaitzespen sakona adierazi du Bilboko Aireportuan Ertzaintzak flotillako partaide berriki itzulien aurka egindako eraso bortitzaren aurrean. “Aktibista hauek israeldar Okupazio Indarren (iOF) eskuetan sistematikoki bahituak, torturatuak eta indarkeria psikologiko zein fisiko larria pairatu ondoren itzuli dira; eta babes edo babesleku bat jaso beharrean, beren etxeko lurrean bertan polizia-indarkeria zuzena eta helburuduna pairatu dute”, salatu dute ohar batean.

Familia-kide batek, aireportuko iritsiera-gunean urduri zain zegoela, hesia gainditzen saiatu zenean bere senidea besarkatzeko, Ertzaintzak bat-batean eta modu guztiz harrigarrian indarkeriarekin erantzun du. “Esperientzia traumatiko baten ondoren lasaitasun eta babes familiarreko une izan behar zuena, bortizkeria gehiagorekin” erantzun dutela salatu dute.

“Euskal poliziak jo eta erasotakoen artean bazeuden israelen gatibualdian jasandako zauri larri eta mingarrien ondorioz ospitaletik alta jaso berriak ziren pertsonak ere. Pertsona hauek Europako nazioarteko uretan legez kanpo bahitu zituzten. Min mediko larria pairatzen duten herritarren aurka indarra erabiltzea oinarrizko gizatasunaren porrot onartezina da, eta indarkeria sistemiko eta kolonialaren beste erakusgarri bat”, azpimarratu dute.

Gutxienez lau pertsona, horien artean flotillako hiru partaide atxilotu ditu Ertzaintzak, ondoren aske geratu dira, baina hainbat delitu leporatu dizkiete: autoritateari eraso egitea, erresistentzia eta desobedientzia. Atxiloketak eta indarkeria poliziala salatzeko protesta egin dute aireportuan bildutakoak.

Gehiago