Leziza bizirik! plataforma aurkeztu dute Arbizun, herriko errekan enpresa batek egiten dituen isurketak ekiditeko

Leziza bizirik! herri plataforma sortu dute Arbizun, herriko Leziza ubeldea azken urteetan Agotzaina enpresak egiten dituen isurketen ondorioz "hiltzen" ari dela salatzeko eta herritarren osasuna eta ingurumenaren alde lan egiteko.

2021-ko urtarrilak 16

Gaur Arbizuko herritar multzo batek salatu duenaren arabera, uraren kutsaduraren eraginez arrainak eta orokorrean errekaren biodibertsitatea desagertzen ari dira, eta herriko etxe askotan usain jasanezinak nagusitu dira. Gainera, errekan bertan behin baino gehiagotan usain txarraz gain apar marroia begien bistan ikusi dute. Urtetik urtera egoerak okerrera egin duela eta herritarren haserrea handitzen joan dela nabarmendu dute,  eta egoera honi aurre egiteko erabaki dute.

“Herri plataforma honek, herritarren eta ingurumenaren izenean, isurketak eteteko Agotzaina enpresak hartu behar dituen neurriak hartzea eskatzen du. Gure helburua errekaren bizitasuna eta biztanleen ongizatearen eskubidea berreskuratzea dira. Horregatik enpresari dagokion eta behar duen erantzukizuna exijitzen diogu”, adierazi dute.

Agotzaina enpresaren irabaziak handiak direla ere azpimarratu dute, eta Leziza garbi mantentzeko inbertsioak egitea eskatzen diote. “Aipatzekoa da 2019.urtean 2.6 miloi euroko irabaziak izan zituela. Agerikoa da errekaren biodibertsitatea zaintzeko egin behar dituzten aldaketak ez egitearen arrazoia ez dela diru falta”, salatu dute.

“Herriaren erdigunean dugu Leziza ubeldea, haurrak bertan lasaitasun osoz jolasean ikusi nahi ditugu, uraren egunean errekan zehar ibilbideak antolatzen jarraitu nahi dugu, etxeetan usain toxikorik ez egotea nahi dugu”, aldarrikatu dute. Hemendik aurrera, plataformaren bidez, egoera salatuko dute eta enpresari bete behar dituen baldintzak bete ditzala exijituko diote. Horretarako, egoera konpondu arte hainbat ekimen eginen dituzte datozen hilabeteetan, eta bertan parte hartzeko deia egiten diete arbizuarrei eta orokorrean ingurumenak kezkatzen dien pertsonei.

Gehiago