Leitzarrek garraio publiko zerbitzu duinaren aldeko kanpaina jarri dute abian

Leitzako Udalak jakitera eman duenez, kezka dago herritarren artean autobus zerbitzu eskasa dagoelako.

2021-ko ekainak 19

Leitza eta Leitzaldeko autobus zerbitzu eskasa eta urria hobetu asmoz, egoera salatu eta hainbat ekimen jarri ditu martxan Leitzako Udalak. Hala, LHL erronka inklusiboko taldea zein herritarren laguntzarekin lantaldea osatuta, Nafarroako Gobernuaren eskumena den garraio publikoko zerbitzuak egun eskaintzen duen aukera urria eta eskasa agintariei ikusarazi eta, duela hiru urte aurkeztu zuten zerbitzu berriaren esleipena behingoz egin dezaten eskatzeko.

Hasteko, Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari arazoaren sakontasuna ikusarazteko helburuarekin sinadura bilketa abiatu zen ekainaren 11n eta astebetean 1.200etik gora sinadura bildu dira herriaren eta eskualde osoaren beharraren larritasuna argi utziz.

Bestalde, herritarrak Leitzako Herri Aretoaren atariko autobus geltokira deitu dira ekainaren 18an, bertan aldarri gisara argazki jendetsua ateratzeko. Landa eremuko herritarrek haien eskubideen aldarrikapenaren eta oinarrizko zerbitzuen duintasunaren alde eginen duten protestaren hurrengo pausua, berriz, Nafarroako Parlamentuan izanen da ekainaren 29an, arratsaldeko 15:15ean. Egun horretan, herritarrak Iruñea hiriburura mugituko dira (ordu horretan joateko zerbitzurik ez dagoenez, alokatu behar izan den autobusean) Parlamentuaren barrualdean udal ordezkariek lan-saioa gauzatu eta bizi duten arazoa aurkeztu eta herritarrek kanpoaldean kontzentrazio bat egiteko.

Gehiago