Legasako Arcelorreko langileak 3 egunetan greba deialdia eginen dute lankide bat berhartzeko helburuarekin

Urte hasiera honetan Legasako plantako Arcelorreko langile bat kaleratua izan zen proba tartea gainditu ez zuela argudiatuz, lehenagotik bertan bortz urtez lan egin bazuen ere.

2019-ko urtarrilak 23

Arcelor enpresan 3 eguneko greba eginen dute planta honetatik kaleratu duten langile bat berhartzeko aldarriarekin. Duela urte batzuk langile talde bat, arrazoi “objetiboak” zirela medio, kaleratuak izan ziren. Gerora, enpresa eta ordezkarien artean, kontratazio berriak ematerakoan langile horiek lehendabizikoak deituak izanen zirela adostu zen. Urteetan kontratazio berririk ez egin eta gero (duela lau urte 122 langile izatetik 54 izatera pasatu da), duela hilabete batzuk langile gutti batzuk sartzen hasi ziren, horien artean aipatutako taldeko langile bat bortz urtez lanean egona zena lehenagotik.

Langile horri eskaini zitzaiona hiru urtetarako kontratu bat izan zen, luzatzeko aukera aunitzekin. Kontratu honek sei hilabeteko gehiegizko proba tartea ezartzen zuen eta langilea bortz hilabete lanean eramaten zituenean tarte hori gainditu ez zuela erran zitzaion. “Hau justifikatzeko erabilitako aitzakiak orokorrak eta gezurrak dira, postu horretan bortz urtez lan egin zuen langile bat postura ez dela egokitu erranez eta behin baino gehiagoetan atentzioa deitu zaiola erranez holakorik gertatu ez denean”, eerran dute enpresako langileek.

Hau “kasu isolatu bat izatetik hagitz urrun” dagoela salatu dute, eta lehenago aipatutako langile kopuru “murrizketa basatiaren” eta “enpresaren desegitearen bertze ondorio” bat baino ez dela azpimarratu dute. Bere lankideak garbi dute, alde batetik ez dutela beraien lankide batek “horrelako trataera bidegabea eta zikina” jasotzea onartuko eta bertzetik “planto” egiten dutela “enpresaren desegite estrategia” honen aitzinean. Horregatik hiru egunez, urtarrilaren 24ean eta 29an eta otsailaren 1ean (egun honetan elkarretaratze bat eginez lan departamentuaren aitzinean) greba egunak deitu dituzte, argi utzita onartuko duten baldintza bakarra beraien lankidearen berhartzea izanen dela.

Gehiago