Larunbatean Jarauta 13ko ustezko narkopisuaren aurkako protesta eguna antolatu dute

Alde Zaharreko bizilagunek Jarauta 13ko ustezko narkopisuaren aurkako protestekin jarraitzen dute. Atzo kontzentrazio berri bat burutu zuten, eta datorren larunbatean egun osoko egitaraua antolatu dute. Bertan bizi direnak droga trafikoarekin lotzen dituzte eta poliziaren salatariak direla salatu dute. Auzotik kanporatzea exijitzen dute.

2019-ko ekainak 20

Jarauta 13ko ustezko narkopisuaren aurkako mobilizazioak jarraitzen dute. Atzokoan hamarka lagun bildu ziren eraikina hustu dezatela exijitzeko. Gaur egun, oraindikan lagun batzuk bizi dira eraikin horretan, nahiz eta azken egunetan zabaldu zen hutsik zeudela. Iruñeko Udaltzaingoak hainbat pisu hormatu zituen, baina arazoa ez dela konpondu salatu dute auzoko bizilagunek.

Drogarekin trafikatzeaz eta poliziaren salatariak izatea leporatu diete bertan daudenei. Sexu eraso batekin ere lotu dituzte, eta azkena Katu Tabernako jabea kolpatzea izan zen. Azken garaietan auzokide batzuk Jarauta 13ko bizilagunen partetik jasandako mehatxu eta irainak ere salatu izan dituzte.

Datorren larunbatean, eta protestekin jarraitzeko asmoz, egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizeko 9etatik gaueko 21ak arte Jarauta kalean hainbat ekimen burutuko dira. Iragarri dutenez, adin guztietako jarduerak izanen dira: musika, hitzaldiak, zinema, kirolak, bazkari herrikoia… Osotara 12 orduko egitaraua. Gainera, eraikina hustutzen ez den bitartean, asteazkenetik larunbatera kontzentrazioak eginen dituzte egunero arratsaldeko 20etan.

Gehiago