Larunbata honetan, Euskal Jaia Tafallan Nafarroako erdialdean euskararen alde egiten den lana goraipatzeko
Erdialdeko Euskal Jaia larunbatean ospatuko da Tafallan egun osoko eta adin guztietarako egitarauarekin, euskarak eta bere kulturak Erriberriko merindadean daukan errotzea erakusteko helburuarekin.
2024-ko maiatzak 22
Jai erraldoi bat izatea espero dutela aitortu dute antolatzaileek. Eguna desfile batekin hasiko da, eta ez dira faltako bazkari herrikoi handi bat, txikientzako jolasak, dantzaldiak, errondak edo kontzertuak.
Bestalde, txapelak, alkandorak etagonak armairutik ateratzera animatzen dituzte herritarrak, jendea baserritarrez jantzita kaleak hartzen ikusi nahi dutelako. Horretarako, zapi gorri berezi bat diseinatu da, bazkariaren bonoekin batera herri guztietan salduko dena.
Ekimen hau Altaffaylla Kultur Fundazioaren eta Agerraldia elkartearen eskutik sortu da, baina inguruko hainbat herritan euskara eta euskal kultura sustatzen duten talde edo pertsonen laguntzarekin ateratzen ari da aurrera. Artaxoa, Beire, Larraga, Mendigorria, Kaparrotsu, Faltzes, Baldorba edo Miranda de Argako elkarteak izan dira antolakuntzan.
“Jai honekin, euskara eta bere kultura Euskal Herriko gainerako lurraldetakoak bezain gureak direla erakutsi nahi dugu. Gure identitatearen distira eta edertasuna islatu nahi dugu egun alai eta ikusgarri baten bidez: dantzak, bertsoa, jota, gastronomia, kantuak, janzkerak… Asko dugu harrotasunez erakusteko”, adierazi dute antolatzaileek.
Hizkuntzari dagokionez, “715. urtean arabiarrek idatzita utzi zuten nafar erdialdean kokatzen zen Bashkuniseko biztanle gehienek euskara hitz egiten zutela, eta horrek ulertezinak egiten zituela”. Mendeetako azpiratzea eta higadura gorabehera, gaur egun euskara berreskuratzen ari da Erdialde osoan, euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egiten duten familia askorengatik, helduaroan ikastea erabakitzen duten pertsonen ahalegina medio eta gure hizkuntzaren erabilerari leku egiten ahalegintzen diren kolektiboen borondateari esker. Eta hori ere, ospatzekoa dela diote antolatzaileek.
Herri lanari balorea eman
Nafarroako Ager zonaldean herri mugimenduek kultura eta hizkuntza bultzatzeko egiten duten lan guztiari balioa emateko euskal jaia antolatzea erabaki dute. “Askotan ez gara konturatzen zenbat jende dagoen gure inguruan euskalduntasunaren alde lan egiten”, aipatu dute antolatzaileek. Euskararen aldeko taldeak, Euskara Egunen antolatzaileak, Korrika batzordeak, dantzari, txistulari, zanpantzar, talde kulturalak, inauteriak, Olentzero eta Maridomingi…