Larunbata honetan Berriozarren Emakume* Abertzaleon VII. Topaketa Feministak izanen dira

Datorren maiatzaren 6an, Bilgune Feministaren 15. urteurrena ospatu eta aurrera begirako urratsak partekatzeko asmoz, "Indar bat gara gu" lemapean "Emakume* Abertzaleon VII. Topaketa Feministak" antolatu dituzte Berriozarren.

2017-ko maiatzak 2

Hori dela eta, egun bateko topaketa antolatu dute “urte hauetako ibilbidea elkarrekin konpartitzeko, ospatzeko eta aurrera begira, Euskal Herriaren burujabetza feminista helburu hartuta, erronka berrietan sakontzeko”.

“Emakume* Abertzaleon VII. Topaketa Feministetan, bizi dugun aldaketa feminista izan dadin, Trantsizio Feministan berretsiz botere(tze)a dugu jomuga nagusi. Gure ustez, gaurko baldintza politikoak abiapuntu harturik, garrantzia handiko eztabaida delako”, adierazi dute antolatzaileek.

Bilgune Feministaren hitzetan, “Trantsizio Feministaren oinarriak sakontzen” egin dute lan, baina prozesu honetan, badira arretaz zaindu beharreko eztabaidak. “Nola egin ibilbide hau gure moldeak, gure prozedurak, gure indarrak baliatuz? Euskal Herrian burujabetza feministaren aldeko eztabaida soziala sustatu nahi badugu, feminismoaren intzidentzia politikoa lehen planora ekartzea eskatzen digu honek”, azpimarratu du BFk.

Horregatik, boteretze feministaren inguruko hausnarketa antolatu dute datorren larunbatean Berriozarren. Egun horretan feminismoaren diagnostiko konpartitu bat egiteko eta boteretze honen ezaugarriak definitu nahi dute.

Jardueraz beteriko eguna izanen da. Goizean eztabaida zabala eta dinamikoa antolatuko dute, eta arratsaldean berriz, boteretze prozedurak askotariko praktikei lotuta jorratuko dituzte tailerretan. Iluntzean, kalean zein dantzalekuan, ospakizunei bukaera emanen diote.

Gehiago