Larrua jo, obsesioaren eta ezkutuko maitasunaren inguruko istorio bat kontatzeko diru eske
Larrua Jo izeneko laburmetraiaren bultzatzaileek diru bilketa bati ekin diote maitasun istorio bat kontatzeko. Lan honetan aztertu nahi dute nola ezkutatzen dugun maitasuna, eta nola bilakatzen den obsesio; nolako eragina duen sentimenduak ez azaleratzeak. Gaiok, gaztetasunari lotuta, beldurrik gabe eta zuzen aztertu nahi ditu proiektuak."
2019-ko azaroak 12
5.000 euroko diru bilketa egiteari ekin diote ESCACen zinemagintzako gradua bukatu berri duen ikasle talde batek. Maitasun istorio bat kontatu nahi dute 20 minutuko laburmetrai honetan. Larrua jo izena du, eta euskararekin jolasteko erronka hartu dute euren gain.
“Gure protagonista maiteminduta dago bere lagun minarekin, baina ez du egia aitortzeko edota egoerari aurre egiteko asmorik. Errealitatea ikusi nahi ez izateak, egia geroratzeak, zera ekarriko du: lagunari gero eta gehiago hurbiltzea, eta obsesioa handitzea, harik eta ezinezkoa den entzungor jarrai dezan. Neskak ezikusiarena egiten duen bitartean, mutila harremanetan hasiko da lagun-taldeko beste mutil batekin”.
Esan bezala, euskara izanen da laburmetrai honen hizkuntza, baina garrantzitsuena da nola kontatu nahi duten. “Hizkuntzarekin jolastea proposatzen dugu. Laburmetraia euskaraz izango da, baina ohizkoz kanpoko itzulpena egingo dugu, gaztelaniaz. Larrua jo, adibidez, follar litzateke; guk, ordea, itzulpen literala egiteko asmoa dugu. Larrua jo, pegar la piel. Horrelakoekin ibiliko gara jolasean, eta gure asmoa da haien bidez protagonistaren sentimenduak aztertzea –sentimendu normalak diren arren, ezin baititu ohiko moduan interpretatu. Itzulpenarekin jolasteak posible egiten du jakintzat jotzen ditugun sentimenduak eta izenak kolokan ipintzea”.
Gaur gaurkoz, 2.750 euro bildu dute. Erronka 5.000 euro biltzea da, laburmetrai hau egiteko beharrezkoa den prozesu guztia aurrera eraman ahal izateko. Verkami crowdfunding plataformaren bidez ari dira egiten diru bilketa hau.