Langileek Nafarroako Esku-hartze Sozialeko hitzarmenari buruzko epaiketa irabazi dute, eskubide osokoa baita
Gaur jakin da Lan arloko 3. Epaitegiko epaileak aldeko epaia eman diela Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehenbiziko hitzarmena sinatu zuten eragileei, eta baliozkotzat jo du, eta OEIS patronalaren inpugnaziorako argudioak errefusatu ditu.
2023-ko ekainak 13
Epaiak frogatutzat ematen du elkarte demandatzaileak subjektu negoziatzaile gisa parte har zezakeela nahi izan balu, baina ez zuela eskatu, nahiz eta negoziazio-mahaia eratu zela jakin. LAB sindikatuak, hitzarmen honen bultzatzaile nagusiak, sektoreko langileak zoriondu nahi ditu lorturiko hobekuntzak finkatzen dituen garaipen garrantzitsu honengatik.
Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea, OEIS [Esku-hartze Sozialeko Enpresen Espainiako Elkartea] patronalaren parte direnak, izan ziren Nafarroako Esku-hartze Sozialeko lehen hitzarmena inpugnatu zuten enpresak; urte asko eta ahalegin handiak behar izan zituen hitzarmena. Zenbaitetan atzeratu ondoren, inpugnazio epaiketa azkenean apirilaren 18an egin zen, Iruñean. Eta gaur jakin da zein den epaia, maiatzaren 26koa, zeinak sendotzen baititu hitzarmen hartan lorturiko aurrerapenak.
Epaiak dioenez, “elkarte demandatzaileak bai badu legitimazio prozesala Nafarroako Integrazio [sic] Sozialeko Hitzarmen Kolektiboa inpugnatzeko, eta gainera negoziatzeko legitimazioa du”. baina “aurrekoak ez du xedatzen negoziazio kolektiborako bere eskubidea urratu denik”; izan ere, “hitzarmen kolektiboaren negoziazio-mahaiaren berri izan zuen, eta, hala ere, ez zuen parte hartzeko eskatu edo hitzarmeneko mahaiko kide gisa onartzeko eskatu”. Alegia, ez zuen negoziazioan parte hartu ez zuelako nahi izan, eta ez halakorik existitzen zela ez zekielako.
LABek, sektoreko sindikatu nagusia eta hitzarmenaren bultzatzaile nagusia den heinean, uste du ez genukeel inoiz egoera honetara ailegatu behar, Esku-hartze Sozialeko langileek erdietsitako aurrerapenak arriskuan jarri baititu. Gaur justizia egin da eta pozten gara horregatik. Eta OEISi eskatzen diogu epaiaren aurkako helegiterik ez jartzeko, eta egoera hau alferrik, bidegabeki eta arrazoirik gabe luzatzeari uzteko.
Esku-hartze Sozialeko zentro eta zerbitzu publikoetan arreta ematen zaie adingabeei, familiei, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei, egoera ahulean eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei, migratzaileei, etxegabeei, langabeei, eta abarrei. Edozein langilek lan baldintza duinak behar ditu, baina sektore honetakoek are gehiago, ahal bada. Alde horretatik, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko plantillek argi eta garbi hitz egin dute beti, bai baldintzak nabarmen hobetzen zituen hitzarmen hau lortzeko, baita hura defendatzeko ere. Beraz, gaur guztiei zorionak emateko eguna da.
Azkenik, erran beharrekoa da udazken honetan lehen hitzarmena berritzeko negoziazioak hasi behar direla. LABek bere indar guztiak jarriko ditu negoziazioan, Nafarroako Esku-hartze Sozialeko plantilla guztiei are baldintza duinagoak bermatzeko.