Langile bat hil da Sarrigurengo Berlys enpresan

Langile honen heriotzak 17ra igo du Nafarroan aurten hildako langileen zerrenda beltza, eta Euskal Herrian osotara jada 61 behargin hil dira aurten.

2022-ko urriak 7

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, atzo arratsaldean Sarrigurengo Berlys okindegi batean langile batek bizia galdu zuen. Azken horrekin 61 lirateke aurten Euskal Herrian lanean edo laneko bidean hildako langileak, horietako 17 Nafarroan. 

LABek bildu duen informazioaren arabera, ezbeharra 18:00ak aldera gertatu zen. Langileak “kamarista” lanak egiten zituen, Monbake taldearen Berlys enpresak Sarrigurenen duen okindegian. “Sasoi honetan, okindegiak buru-belarri sartuta daude Eguberrietako kanpainan eta lan erritmo azkarrek zein lan karga handiek arrisku faktoreak areagotzen dituzte. Dena dela, istripuaren jatorria edozein izanik ere, patronalaren ardura da langile guztien osasuna bermatzeko beharrezko baliabide guztiak jartzea”, adierazi du LABek.

Lan osasunari eta lan istripuei dagokienez, azken urteetan LAB sindikatua bereziki salatzen ari da ez Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eta ez Lan Ikuskaritzak ez dituztela enpresak lan osasuneko eginkizunak betetzera behartzen. “Patronala lasai dabil arauk bete gabe. Eta batzuen utzikeriaren eta bertze batzuen zitalkeriaren ondorio da langileek haien bizitzekin ordaintzen dutela hau guztia”, dio sindikatuak.

LAB sindikatuak bertze behin ere Nafarroako Gobernuari, NOPLOIri eta Lan Ikuskaritzari dei egiten die “beharrezkoak diren bitarteko guztiak jar ditzaten enpresetan lan osasun neurriak betetzen direla bermatzeko”.

Gehiago