Langile bat hil da Andosillan altueratik erorita

ELAk jakitera eman duenez, Jaime Resano eraikuntza enpresako langile bat hil da gaur altueratik erorita, Andosillako Calzados Irabia enpresaren industria-nabearen teilatuan lanean ari zela. Gaurkoarekin, gutxienez 13 langile hil dira lan istripuz Hego Euskal Herrian 2023an, horietako bi Nafarroan.

2023-ko apirilak 3

ELAk ohar baten bidez salatu du “enpresen zigorgabetasunak eta erakundeen konplizitateak ondorio latzak” dituela eta istripu hauek “onura ekonomikoak plantillen lan eta bizi baldintzen gainetik jartzearen ondorio zuzena” direla.

“Enpresen ez-betetzeak behar bezala kontrolatzeko garaia da, eta, horretarako, beharrezkoa da gaur egun kolapsatuta dauden NOPLOI eta Lan Ikuskaritzako plantillak bikoiztea, Europako batez bestekoarekin berdintzeko”, dio ELAk.

Lan heriotza salatzeko, sindikatu honek elkarretaratzea egingo du datorren asteazkenean, apirilaren 5ean, 12:00etan, Nafarroako Gobernuko Lan Departamentuaren aurrean, Iruñean.

Gehiago