Lan istripuak eta lan gaixotasunak kopuru altuak, eta bitartean ikuskari gutxi Nafarroan

Lan istripu eta osasun arazoetan gobernuen eta enpresarien konplizitatea salatzeko bide berria urratuko duela iragarri du ELAk. Nafarroan, 2022an 20 pertsona hil ziren lanean eta 700 lagun lan gaixotasunengatik. Ikuskari kopurua Europako batez bestekoaren erdia baino txikiagoa dela dio ELAk.

2023-ko martxoak 1

ELA sindikatuak lan osasunean bide berria urratuko duela lan istripu eta bestelako lan osasuneko arazoetan “gobernuen eta enpresen arteko konplizitatea” azaleratzeko. Sindikatuaren arabera, datuek erakusten dute prebentzio neurriek “huts egiten dutela ikuskaritza txikiagatik eta inbertsio faltagatik”, eta lan heriotzak “merkeegiak” direla enpresarientzat.

%0,01ko aurrekontua, ikuskariak apenas eta 20 hildako 2022an
2022an 20 lan heriotza izan ziren Nafarroan. Lan gaixotasunen ondorioz, bestalde, 700 langile hil direla kalkulatzen da, nazioarteko erakundeen arabera. “Horrek esan nahi du lan heriotza bakoitzeko 35 pertsona hiltzen direla lan gaixotasunengatik. Gainera, horietako asko aitortza ofizialik gabe”, dio ELAk.

“Arduratzekoa ere bada urtero hazten ari direla istripu ez traumatikoak, eta bereziki bihotzekoen kopurua”. ELAren ustez, neurri handi batean, arrisku psikosozialen “lanketa desegoki” baten ondorio dira: prekarizazioak eta enpresariek eragindako presioak eragin zuzena du langileen osasunean, ELAren hitzetan.

Bestalde, istripuz hildako asko altueratik eroritako langileak edo makina batek harrapatutakoak izan dira. Urtero-urtero lan heriotza gehien bi kausa horiei lotuta gertatzen dira. Hala ere, ez dago neurri zuzenik langileak arriskuan jartzen dituzten enpresariak zigortzeko, gehitzen du ELAk.

Egoera hori izanagatik, aurrekontu publikoen %0,01 bideratuko da soilik prebentzio lanetara, salatu du sindikatuak. “Eskandalu hutsa da. Baita Nafarroan dauden ikuskari kopuru murritza ere, Europako batez bestekoaren erdia baino gutxiago: Nafarroan 15 ikuskari daude, eta 40 izan beharko lukete batez bestekora iristeko”.

Gobernuen “konplizitatea”
ELAk ohartarazi nahi du langileek lanean osasuna galtzea ez dela zori kontua, eta errudunak eta erantzuleak daudela azpimarratu nahi izan du. “Enpresariak dira errudunak langileen osasuna ez delako euren lehentasuna, lan baldintzak prekarizatzeko estrategia darabiltelako eta prebentzio neurri egokirik hartzen ez dutelako. Eta gobernuak ere badira erantzuleak, enpresariek eragindako prekarietatea onartzen dutelako eta ez dutelako baliabiderik ezartzen enpresa prekarizatzaileak kontrolatzeko”.

Kritikak LABi Osalanen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan parte hartzeagatik
Lan istripuen aurrean gehiengo sindikalaren erantzun bateratua bertan behera geratu dela iragarri du ELAk LABek Osalanen eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuan parte hartzea erabaki duelako. “Hala onartu zuen LABek bere azken Biltzar Nagusian, eta orain gutxi berretsi du organo bietan parte hartzeko erabakia, nahiz eta horrek ELArekin lan osasunean zuen urteetako elkarlana bertan behera uztea dakarren”.

ELAk eta LABek elkarrekin utzi zituzten Osalan eta Nafarroako Institutua, erakunde horietako parte hartzearekin desadostasuna dela eta, eta erantzunak koordinatzeko.

“ELArentzat albiste txarra da gehiengo sindikala bertan behera geratu izana lan osasunaren esparruan, eta aurreratzean erakunde horietatik kanpo jarduten jarraitzeko konpromisoa du”, esan du.

Gehiago