LABek salatu du Ausolanek kanpoko enpresa bat kontratatu duela baja medikoak kontrolatzeko

Ausolan enpresako kolektibitateetarako sukaldaritzako eta garbiketako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Espartzan (Nafarroa), enpresaren egoitzaren aitzinean, salatzeko hemendik aurrera kanpoko enpresa batek langileen baja medikoak kontrolatuko dituela. Erabaki hori ez da sindikatuetako ordezkariekin partekatu ez negoziatu. Langileek aldarrikatu dute diru hori prebentziorako erabiltzea "eta ez kontrolerako".

2024-ko otsailak 27

“Bajak kontrolatzeko enpresa horiek ez dute inolako onura edo laguntzarik ematen. Langileen kolektiboari presioa egin, kontrolatu eta beldurra sartzeko baino ez dira, iruzurrezko susmagarritzat jotzen baitituzte guztiak”, salatu du LAB sindikatuak ohar batean. Langileekiko susmo bat sortzeaz gain, Osasunbideko eta Osakidetzako medikuen aurka ere egiten dutela dio LABek, baja medikoak ematerakoan beren profesionaltasunaz fidatzen ez direlako.

“LAB sindikatuak enpresa animatu nahi du diru hori bere langileen lan baldintzak prebenitu eta hobetzeko erabil dezan, langile gaixoak lanera lehenbailehen eta edozein modutan bidalita aberasten diren enpresa mota horiek kontratatzen gastatu beharrean”.

Otsailaren 20an, Nafarroako eta Gipuzkoako langileen ordezkariak enpresarekin bildu ziren kanpoko enpresa horren kontratazioa bertan behera uzteko eskatzeko, eta erantzun zieten ezinezkoa zela, kontratazioa urtebeterako baita. Enpresak argudiatu zuen kontratazio horren arrazoia zela enpresan dagoen absentismo handia, eta arazoak detektatzeko eta epeak arintzeko “proba pilotua” dela diote.

Gaur, langileak Ausolanen bulegoen aurrean elkartu dira Comarca II industrialdean, eta enpresak “neurri hori deuseztatzeko inolako jarrerarik ez duenez” LABek langileak animatu nahi ditu “beren eskubideen berri jakin dezaten, kanpoko enpresa honen dei bat jasotzen badute ere”.

Gehiago