LABek protestak eta lanuzteak antolatu ditu Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren aurkako inpugnazioaren epaiketa dela-eta

Sektoretako langileek irailaren 21ean elkarretaratze zaratatsua eginen dute Gurutze Gorriko egoitzaren parean eta irailaren 28an lanuzteak eginen dituzte. Horrez gain, elkarretaratze bat eginen dute Caritas egoitzaren inguruan eta Iruñeko epaitegietan.

2022-ko irailak 13

Heldu den irailaren 28an, asteazkenarekin, hasiko da Iruñean OEIS patronalak [Esku-hartze Sozialeko Estatuko Erakundea] Nafarroako Esku-hartze sozialeko lehenbiziko hitzarmenaren aurka eginiko inpugnatzeari buruzko epaiketa. LAB sindikatuaren iritziz, hitzarmenaren bultzatzaile nagusia den aldetik, inpugnazioak sektoreko langileen lan baldintzak “arrisku larrian” jartzea dakar, “hainbat hamarkadatan erakundeek abandonuan utzi eta soldatak pobretu ondoren”.

LAB sindikatua hitzarmenaren negoziazioaren sustatzaile nagusia izan zen, eta bere hitzetan “lan baldintzak hobetuko zituen eta urteetan zehar hainbertze zigorturiko sektore bati etorkizuna emanen zion hitzarmen baten beharra” aldarrikatu eta bultzatu zuen. “Baina helburu hori lortu ondoren, enpresa batzuek, hitzarmenagatik deus ez egiteaz gain, duela zenbait hilabete epai bidez salatu nahi izan zuten”, salatu du LABek. Gurutze Gorria, Caritas, Secretariado Gitano, Acción contra el Hambre eta Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartea (OEIS patronaleko kideak) dira erabaki hori hartu zuten elkarteek. Sindikatuak dio lan hitzarmena defendatzea tokatzen dela orain.

Epaiketaren hasiera dela-eta, LAB sindikatuak protesta-ekintza batzuk antolatu ditu, eta langileak, gertukoak eta herritarrak horietan parte hartzera animatzen ditu. Irailak 21, goizeko 10:00etan, elkarretaratze zaratatsua eginen dute Iruñean Gurutze Gorriak duen egoitzaren aitzinean. Irailak 28, epaiketa egunean, sektorean lanuzteak eginen dituzte 10:00etatik 14:00etara. 10:00etan elkarretaratzea  egingo dute Iruñean Caritasek duen egoitzaren aitzinean eta 11:00etatik 13:00etara Justizia Jauregiaren paren elkartuko dira langileak. Epaiketa 12:00etan hasiko da.

Gehiago