LABek Nafarroako zahar egoitzen negoziazio mahairako deia egin du

LABek erabaki du hitzarmenaren negoziazioei bertze bulkada bat ematea, urtarriletik geldirik baitaude, eta negoziazio mahaia ekainaren 9rako aldebakarrez deitzea; hala, bertan inplikaturiko eragile guztiei parte hartzeko deia egin die.

2023-ko ekainak 7

Betiere Nafarroako zahar egoitzetako lehenbiziko hitzarmena helburu, 2021. urtearen hasieran negoziazio mahaiaren irekitzea sustatuz egin zuen bezalaxe, eta azken bi urteetan hitzarmen kolektiboa gure lurraldera ekartzeko beharra gizarteratuz egin duen bezalaxe, oraingoan LABek beharrezkoa ikusi du borrokari bertze bulkada bat ematea, batez ere batzuen blokeoa eta bertzeen jarduerarik eza ikusita.

LABek, bertze hiru sindikatuekin batera , bi urte baino gehiago daramatza grebak eta mobilizazioak antolatzen, eta zentroz zentro lanean ari da sektoreko langileen lan baldintzak duinduko dituen hitzarmen kolektibo propio baten aldeko borrokaren beharra zabaltzen.

Bada, azken greba eta mobilizazio egunen ondoren, LABek gogoeta prozesu bat egin du bere delegatuekin eta afiliatuekin, eta guztien artean erabaki da, blokeo-egoera ikusita, benetako negoziazioaren alde egin nahi dela, edukiekin, eta halaxe jakinarazi zitzaien aurreko bilera intersindikalean ELAri eta UGTri —CCOO duela zenbait hilabete kendu zen borrokatik—.

Patronalak aurtengo urtarrilean egin zuen bere proposamena. Proposamena ez da nahikoa, eta hori sinatzetik urruti ikusten du LABek bere burua. Baina argi dago sektoreko langileen greba eta borroka ugarien bidez lortu dela patronalari proposamen bat ateratzea eta, LABen ustez, proposamen horrek lehen oinarriak paratzen ditu gainontzeko edukiak negoziatu ahal izateko.

LABek uste du ekintzarako unea dela. Borrokak ekartzen du beti lan baldintzen hobetzea, eta horretan jarraitzen du sindikatu honek, baina horrek negoziatzeko gaitasuna ere izatea eskatzen du. LABek ELAri eta UGTri proposatu zien negoziazio mahaia berriz deitzea, guztiak batera eser gintezen patronalaren eta Nafarroako Gobernuaren aitzinean. Baina bi sindikatu horiek ezezkoa eman zutenez, LABek erabaki du mahaia aldebakartasunez deitzea, ekainaren 9rako.

Borroka baztertu gabe, kaleak utzi gabe, LABek uste du benetako negoziazioa suspertzeko eta edukiez hitz egiteko unea dela. LABek argi du posible dela Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmen kolektiboa lortzea, baina horretarako beharrezkoa da hurbilketa bat egitea eta edukiez hitz egiten hastea.

Negoziazio horretan, LABendako lehentasunezkoak eta nahitaezkoak dira soldatak hobetzea (KPIaren bermearekin), lanaldia murriztea, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak, errelebo kontratuen beharra, eta lana eta familia bateratzeko neurriak, hain beharrezkoak baitira zaintza lanen sektore feminizatu honetan. Era berean, LABek mahai gainean jarriko du malgutasuna mugatzea, eta sektoreko langile guztiek beren urteko lan egutegia izatea, atsedenaldiak errespetatuta eta alde bakarreko ordutegi aldaketarik gabe; horrela bermatuko baita sektoreko langileen bizi kalitatea hobetzea.

Laburbilduz, LABek bertze agertoki bat ireki du gaur Nafarroako zahar egoitzen sektorean, eta bertze sindikatuei dei egin die erantzukizunez joka dezaten eta sektoreko langileen lanbaldintzak benetan hobetzeko konpromisoa har dezaten.

Gehiago