LABek Nafarroako Garbiketen patronala interpelatu du sektore barnean dagoen soldata arrakalagatik
Nafarroako Garbiketen sektoreko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Aspren (Nafarroako Garbiketa Enpresen Elkarte Profesionala) interpelatzeko sektorearen beraren barnean emakume eta gizonen artean dagoen soldata arrakalagatik.
2020-ko otsailak 21
Horren erakusgarri, aipatzekoa da sektore horretako gizonen %90ek peoi-espezialista kategoria dutela eta, aldiz, emakumeen %95ek peoi kategoria eta, hartara, urtean 850 euro gutxiago kobratzen dutela.
Bihar, otsailak 22, emakume eta gizonen soldata berdintasunaren eguna da. Soldata arrakalaren aurka gero eta ahots gehiago entzuten diren arren, datuek erakusten digute oraindik oso urrun gaudela hori lortzetik. Eta hau ez da kasualitatea, baizik eta gizon eta emakumeen arteko rol-banaketa tradizionalaren, lanaren banaketa sexualaren eta egungo sistema kapitalista patriarkalak ezartzen duen bereizketa profesionalaren beste ondorio bat.
Soldata arrakala emakumeek jasaten dugun egiturazko bereizkeriaren ondorioa da, gizartean nahiz lan munduan. Eta Garbiketa sektorean egoera lazgarria da. Sektoreko hitzarmena negoziatzen ari den honetan, lehentasuna izan beharko luke diskriminazio hori ezabatuko duten neurri errealak ezartzeak.
LABen esanetan, garbiketako patronalak ukatu egiten du sektorean soldata arrakalarik dagoela, baina hori gezur hutsa da. Sektore honetan bi kontu daude argi eta garbi sektoreko soldata ezberdintasunaren zergatia direnak: garbiketa sektoreko gizonezkoen %90 peoi-espezialista kategorian daude, emakumeen %95 baino gehiago peoiak direnean, eta horregatik urtean 850 € gutxiagoko kobratzen dute. Horri gehitu behar zaio gizonezko gehienak lanaldi osorako kontratatuak daudela, eta aldiz, lan egiten duten emakume gehienek lanaldi partzialak dituztela, horietako asko irrigarriak; eta horrek eragin bikoitza du soldata aldean.