LABek lau elkarretaratze antolatu ditu Testak egin nahi duen ariketa espekulatiboaren aurka

Sanduzelai, Arrotxapea Buztintxuri-Artika eta Ipar Etxabakoitzeko bizilagunek, LAB sindikatuarekin batera, lau elkarretaratze egin dituzte aldi berean, Testa funts putrearen jabetzan dauden etxebizitzen egoera salatzeko

2026-ko uztailak 1

Mobilizazioek arreta jarri dute gaur egun Testaren esku dauden 500 etxebizitza ingururen egoeran, baliabide publikoekin eta maizterrek ordaindutako alokairu-kuotekin finantzatu izan direnak. LABek “ariketa espekulatibotzat” jo du egoera hori, Nafarroako Gobernuak eraikuntza kostuaren %35 inguru ordaindu zuelako, bi hamarkada baino gehiagoz zaurgarritasun egoeran zeuden maizterrek ordaindu ezin zituzten alokairuak finantzatzeaz gain. Sindikatuak salatu duenez, “sekulako eskandalua da etxebizitza horien kostuaren balioa hiru aldiz kobratu nahi izatea”.

LABek ohartarazi du ere, finantziazio publiko eta sozial hori izan arren, hilean 700 euroko baita hortik gorako alokairuak kobratu egin direla. Sindikatuaren ustez, hori justifikaziorik gabeko gainkostu-egoera da eta etxebizitza eskuragarria izateko eskubidea urratzen du.

Kontzentrazioetan azpimarratu da etxebizitza horiek “dagoeneko ordainduta daudela”, eta haien egungo titulartasun pribatua eraikitzaileei eta sustatzaileei laguntzeko iraganeko erabaki politikoen ondorio dela. “Nafarroak ordaindu dituen etxebizitzek titulartasun publikokoak izan behar dute”, aldarrikatu du LABek.

Hori guztia dela eta, sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio etxebizitza horien desjabetze publikorako prozesua has dezan, parke publikoan sartu eta modu iraunkorrean alokairu sozialera bideratzeko asmoz, biztanleriaren errealitate ekonomikoaren araberako prezioekin.

Gehiago