LABek grebara deitu ditu Villatuertako New Collagena enpresako langileak, lan baldintzak hobetzearen alde
LAB sindikatuak iragan astean erregistratu zuen Villatuertako New Collagena enpresa kimikoan greba egiteko hasierako deialdia azaroaren 8, 9, 10 eta 11 egunetarako.
2019-ko azaroak 6
Lehenbiziko greba aldia azaroaren 8ko 14:00etatik azaroaren 11ko 14:00etara iraganen da. Horren ostean enpresarekin akordiorik ez balego, bertze greba aldi bat izanen litzateke azaroaren 15etik 18ra, ordutegi berdinean. Eta, hala ere, akordiorik ez balego, azaroaren 18ko 14:00etan greba mugagabea hasiko litzateke.
Hainbat batzarretan langileek agerturiko eskaera aintzat hartuta, grebara deitzea erabaki da, lan baldintzak hobetze aldera, Zuzendaritzak uko egin baitzion Enpresa Akordio bat negoziatzeari eta uko egin baitzion ordezkari sindikal bakarrarekin eta LABeko aholkulariarekin bilera batean elkartzeari.
LAB sindikatua lan baldintza duinen alde borrokatuko da beti, enpresako egoera errealarekin loturiko lan baldintzak, halaxe eskatu baitute hainbatetan langileek.