LABek ez du biharko Nafarroako zaintza eremuan ELAk deitutako greba babesten “gainerako sindikatuak eta langileak kontutan hartu ez direlako”

Ohar horren bidez, LAB sindikatuak ELAk urtarrilaren 26rako Nafarroa Garairako deitu duen greba ez duela babesten adierazi du. LABek ez du ikusten deialdia seriotasunez lan egin dela, baina "zaintza-sistema duin" baten alde borrokatzeko eta mobilizazioak adosteko prest agertu da.

2021-ko urtarrilak 25

Lehenik eta behin, uste dugu sektore horietan pairatzen dugun egoera larriak (azpikontratazioa, prekarietatea, ratio handiak, langile falta, COVIDaren kudeaketa txarra) eskatzen duela sindikatuok ahaleginak egitea helburu eta dinamika bateratuak adosteko. Eta hori da azken asteetan LAB egiten saiatzen ari dena. Izan ere, bilera bat egin dugu ELArekin horri buruz hitz egiteko. Baina, tamalez, ELAk nahiago izan du bere aldetik joan. Legitimoa da, zalantzarik gabe, baina gure ustez akats larria da.

Bigarrenik ‒eta hau larriagoa iruditzen zaigu‒, ELAk ez ditu sektore horietako langileak kontuan hartu. Ez du batzarrik proposatu informazioa emateko eta langileen iritzia jasotzeko. Gure iritziz, greba bat seriotasunez egin behar da, lantokiz lantoki, batzarrak eginez, proposamenak azalduz eta iritziak bilduz. ELAk ez du horrelakorik planteatu: greba hau kanpora begira proposatu dute, parte-hartzerik gabe, benetako oinarririk gabe, ahalduntze eta borroka prozesurik gabe. Ildo horretan, uste dugu esku-hartze sozialaren sektorearen borroka arrakastatsua dela jarraitu beharreko eredua, non Nafarroako lehen hitzarmen sektoriala eta lan-baldintzetan aurrerapen ikusgarri bat lortu den (gogorarazi beharra dago, bide batez, ELAk ez zuela parte hartu).

Bi arrazoi nagusi horiek direla eta, LABek ez du parte hartuko hilaren 26ko Nafarroako greban. Hala ere, zaintza-sistema duin baten alde borrokatzeko prest dauden sindikatu guztien artean mobilizazioak adosteko beharra azpimarratzen jarraituko dugu. Berandu baino lehen posible izatea espero dugu.

Gehiago