LABek erreformei buelta emateko eta murrizketak ekiditzeko proposamen bat aurkeztu du Parlamentuan

LAB sindikatuak Lan Kode eta Gizarte Segurantzaren lege propioaren proposamen integrala osatu berri du, eta gaur erregistratu du Nafarroako Parlamentuan Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiak. Proposamenak erreformei buelta ematea eta murrizketa gehiagoei atea ixtea aldarrikatzen du, eta bizitza eta lan-baldintzak aldatzeko neurri zehatzak jasotzen ditu. "Neurri zehatzak, errealak eta egingarriak egungo eskumenetatik abiatuta, eta, gainera, subiranotasunaren bidean", dio sindikatuak.

2021-ko azaroak 3

Gaur egun, estatu mailan funtsezko gaiak eztabaidatzen ari dira Nafarroako langileen lan-baldintzei eta bizi-baldintzei dagokienez, besteak beste, lan-erreforma eta pentsioen erreforma.

LABen ustez, bai Parlamentuak bai Nafarroako Gobernuak eragile aktiboak izan behar dute gai horiei dagokienez. Nafarroako Gobernuari eta Parlamentu hau osatzen duten alderdi politikoei eskatzen diegu Nafarroako langileen lan-baldintzak eta bizi-baldintzak hobetzeko ibilbide-orri propioa egiteko, hiru esparrutan jardunez:
1. Lehenengo urratsa azken urteetako erreformen eta murrizketen bidea iraultzea izan behar da, hala nola, nafar langileriak nahiz instituzioek 2012an era irmoan errefusatutako lan erreforma. Nafarroako Gobernuari exijitzen diogu Madrilgo Gobernuari eska diezaiola azken urteetako lan eta pentsio erreformak indargabetzeko. Eta alderdi politikoei exijitzen diegu beren indarra aprobetxa dezatela azken urteetako erreformak iraultzeko eta balizko erreforma berriei ateak ixteko.

2. Bigarren urratsak Nafarroaren erabakitzeko ahalmenarekin du zerikusia. Edozein gizarte-eredu eraikitzeko, ezinbestekoa da lan-arloan eta gizarte-babesean erabakitzeko gaitasuna izatea. Borondatea eta konpromisoa eskatzen diegu Foru Hobekuntzaren mugak gainditzeko eta estatus juridiko eta politiko berriak lortzeko, Nafarroak Lan Kode eta Gizarte Segurantza propioa arautzeko aukera izan dezan. Idazki honekin batera atxikitu dugu LABek egindako lana, langileentzako onuragarriagoak liratekeen Lan Kode eta Gizarte Segurantza baterako oinarriak ezartzen dituena. Euskal Herri osorako proiekzioa da, eta uste dugu baliagarria izan daitekeela Nafarroako espa-rruan ere gogoeta sustatzeko.

3. Hirugarrenik, eta egungo eskumenetatik abiatuta, langileen bizi-baldintzak hobetzeko neurriak har daitezke epe motzean, izan eztabaidagai diren aurrekontuetan izan ekimen espezifikoen bidez. Zehazki, Gobernua osatzen duten alderdiei eskatzen diegu honako neurri hauek har ditzatela:

• CEN elkarteari honako edukiak bilduko lituzkeen Akordio Interprofesional bat sina dezan eskatzea: 1.400 euroko gutxieneko soldata; ezarritako soldata-arrakalari eta lanaldi partzialei amaiera; 30 orduko lanaldia; eta behin-behinekotasunari amaiera emateko eta enplegua duintzeko neurriak.

• Negoziazio kolektiborako esparru propioa defendatzea:
–Eremu pribatuan, negoziazio kolektiboaren estatalizazioa bultzatzen duen erreforma indar- gabetzea eskatuz eta baita Nafarroa mailako hitzarmen berrien sorrera sustatuz, hala nola, Hirugarren Adineko Egoitzena.

–Eremu publikoan, enplegu publikoaren sorrera eta egonkortasuna, ratioen hobekuntza edota lan baldintzen hobekuntza ahalbidetzeko negoziazio kolektiboa sustatuz.

• Zerbitzu publikoak indartzea. Aurrekontuetan inbertsio handiagoa bideratu behar da osasunera, hezkuntzara edo gizarte-zerbitzuetara.

• Neurriak eskatzen ditugu pentsioak 1.080 euroan osatzeko eta pentsioen arrakalarekin amaitzeko. Nafarroako Gobernuak gai honen inguruko azterketa bat egiteko konpromisoa hartu zuen, baina ez du oraindik bete.

• Laneko osasuna bermatzeko neurriak. Lan-istripuen eta lanbide-gaixotasunen kausak ezagunak dira eta saihestu egin daitezke; besteak beste, lan-prekaritatea eta prebentzio-neurriak ez betetzea. Horri aurre egiteko, ikuskatzaile eta bitarteko gehiago jartzeko eskatzen diegu.

• Pobreziari eta gizarte-bazterkeriari aurre egiteko neurriak: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako Herri Ekimen Legegilean jasotako neurriak onartzea eskatzen dugu.

• Erreforma fiskala bultzatzea. Kapital-errentak eta enpresa-irabaziak gehiago zergapetzeko.

Gobernuan ez dauden alderdiei, proposamen hauen aldeko ekimen parlamentarioak sustatzea eskatzen diegu.

Gehiago