Labak “gero arte” esanez bere aretoa itxiko du denbora batez festa bat ospatuz otsailaren 22an
Egun horretatik aurrera kafetegia itxita egonen da espazioa handitzeko lanak egin ahal izateko. Ondoko ostatua batuko zaio gaur egungo aretoari.
2025-ko otsailak 13

Ez da itxiera besta bat izanen, ezta agur esateko jai bat. Gero arte esateko ospakizuna izanen da. Izan ere, otsailaren 22tik aurrera itxita egonen da Laba espazioa handitzeko lanak egin ahal izateko. “Laba kafetegia handiagoa izanen da hurrengo ikasturtearen hasieran, ondoko ostatua batuko baitzaio gaur egun Labak erabiltzen duen espazioari. Horrek kultur ekitaldietarako espazio handiagoa izatea ahalbidetuko du, eta kultur eskaintza baldintza hobeagoetan ematea”, azaldu dute euskaltzaleek.
Obra handia eta konplexua dela adierazi dute, bi aretoak lotu behar baitira, eta goitik behera itxuraldatuko baitu Labaren kafetegia eta kultur aretoa. “Beraz, zenbait hilabetez itxita egonen da espazioa. Obren ondotik areto prestatuagoa izanen du Laba sareak, eta eskaintza zabalagoa emateko aukera izanen du. Izan ere, oholtza handituko da, musika ekipoa hobetuko da eta aretoa bera apainagoa izanen da, ostatuaren itxura ere berrituko baita. Irekiera data zehatzik ezin dugu eman, baina beranduenez ikasturte hasieran ateak irekitzea da gure asmoa”, esan dute ohar bidez.
Hala ere, Labaren jarduera jarraituko duela ohartarazi dute. Ohiko programazioa beste leku batzuetan eginen dute.
3 urte euskarari hauspoa ematen Iruñeko bihotzetik
Sorreratik beretik Labak proiektu anbiziotsu bat amestu du Iruñeko euskaldunen komunitatearentzat, eta bide horretan, sortu diren aukerei heldu die. Lehenbizi, Gazteluko plazan areto bat sortuz euskarazko eskaintza kulturala ematen. Hamaika borrokari ere ateak ireki dizkio Labak, beti ere euskaraz, intersekzionalitatea landuz eta agerian utziz. “Saiatu gara ere euskaratik urruti egon zitezkeen horiei leku goxo bat ematen eta harrera beroa egiten”, diote Labakoek.
Aretoa itxita dagoen tartea aprobetxatuko dute Laba proiektua berrasmatzen eta birpentsatzen. “Ilusioz gainezka gaude, proiektua hazten ikusteko gogoz, eta hasieran amestu genuen Laba horretara urrats bat gerturatuko garelako esperantzaz”.
22ko besta ez da izanen salbuespen bat eta kultur eskaintza izanen da protagonista. Eguerditik hasita, Azoka, denboraren kapsula eta bermuta, DJ Barbariek girotua. Bazkaria Monton Tabernan eginen dute, eta izena emateko info@laba.eus-era idatzi behar da. Arratsaldeko 18.00etan dantzatzeko unea iritsiko da ekitaldi bat egin ostean, eta ondoren abesteko ordua karaoke batekin. Eguna amaitzeko Monton Tabernan eginen dute parranda.