LAB: “Premiazkoa da departamentuetako hizkuntza-planak ezartzea Nafarroako Gobernuan”
Abenduaren 15ean 36 urte beteko dira Euskararen Foru Legea onartu zenetik, hasieran Vascuencearen Foru Legea deitu zen hura abian jarri zenetik. LAB sindikatuak data hori aprobetxatu du PSN-Geroa Bairen Gobernuari eskatzeko martxan jar ditzala aurreko legegintzaldian egin zituen hizkuntza-planak.
2022-ko abenduak 14
Gogoratu behar da Geroa Bairen Gobernuak lege hori garatzen duen Euskararen Dekretuan egin zituen aldaketa epelen ondoren, 2015-2019 aldian Uxue Barcosen Gobernuak bertako departamentu bakoitzerako hizkuntza-planak egin zituela. Plan horiek jasotzen dute, besteak beste, euskara dakiten langileekin bete behar diren plazen kopurua zein den (lanpostu bakoitzean zer maila behar den ere zehazten dute), herritarrak Nafarroak berezko dituen bi hizkuntzatan artatuko direla bermatzeko.
Iritsi ziren 2019ko maiatzeko hauteskundeak. Nafarroako Gobernua sostengatzen duten bi alderdiek planak legegintzaldiaren hasieran bertan martxan jarriko zituztela agindu bazuten ere, gaur egun, LAB sindikatua zalatu duenez, hurrengo hauteskundeetarako bost hilabete eskas falta direnean, ez da urrats txiki bat ere egin norabide horretan.
Aurkeztu zieten lehenbiziko zirriborrotik hasita, LABek beti agertu du planek nahigabea eta deseingainua sortzen dutela, ez baitute jasotzen, LABen ustez, Nafarroako herritarrak bi hizkuntzetan artatuko direla bermatzea ahalbidetzen duen gutxienekoa. Baina, aldi berean, hizkuntza-planak ezartzen ez badira, ezin izango dugutela aurrera egiten jarraitu euskara Administrazioan eta gizartean merezi duen lekua hartzera eramango duen bidean. LABen argi daukate euskarak ofiziala izan behar duela lurralde osoan, eta, horretarako, “urrats sendoak eta ausartak eman behar dira araudi berri baterantz; euskara ospe txarreko egoeratik aterako duen araudia eta, behingoz, amaiera emango diona atzerriko hizkuntzei -ingelesari, frantsesari eta alemanari- euskarari berari baino balio handiagoa ematen dien zonifikazioari”.
Hori dela eta, gaur, Euskararen Legea martxan jarri dela ospatzeko bezperan, eta Nafarroako Gobernu berria osatzeko hauteskundeetarako bost hilabete eskas falta direla, LABek idatzi bat eman diete talde parlamentarioei, eta bertan eskatzen diete Gobernuko departamentuetarako prestatutako hizkuntza-planak ahalik eta lasterren abian jartzeko konpromisoa har dezatela.