Krisi ekosozialari aurre egiteko egiturazko neurrien alde egiteko unea dela aldarrikatzen du LABek
LABen iritziz, datorren udazkenean larriagotu daitekeen egoerari erantzuteko, beharrezkoa da neurri politikoak oinarri sinple bezain erradikalean egitea: langile eta herritarren bizi baldintzak eta planetaren bioaniztasuna ziurtatzea. Gobernuen aldetik hartutako "neurri epelak guztiz eznahikoak" direla salatzen du sindikatuak eta hurrengo hilotan bizitzaren garestitzearen aurka borrokatu eta zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko indarrak biderkatuko dituela iragarri du.
2022-ko abuztuak 26
Madrilen krisi energetikoari aurre egiteko lege dekretu berria onartu den honetan, adabakiak albo batera utzi eta langileon bizi baldintzak duintzeko erroko aldaketen beharra azpimarratu du sindikatuak.
Hilabeteak dira langileok krisi hotsak geroz eta ozenago entzun eta ondorioak bizitzen ari garela. Sinetsarazi nahi digutenaren aurka, argindarraren prezioaren igoera zein oro har energia krisiaren arrazoiak ez dira Ukrainan jasotzen ari den gatazka belikoan hasi eta bukatzen. Egungoa ez da, gainera, koiunturazko eta beraz salbuespen neurri mugatuekin erantzuteko momentua.
Energia krisiaren oinarrian egungo ekoizpen eta banaketa sistema bidegabea da. Sistema kapitalistak, besteren artean langileon bizitzak prekarizatu eta pobretu, nagusiki emakumeok egitera behartutako zaintza lanak ikusezin bilakatu eta planetaren bioaniztasuna suntsitzen ditu.
Lehengaiak geroz eta zailago eta garestiago eskuratu, eraldatu eta garraiatu daitezkeen testuinguru honetan, Europar Funtsekin sustatu nahi zen trantsizio energetikoaren asmoak lausotzen ari dira, gerraren ondorioen aitzakipean erregai fosilei zigilu berdea emanez.
Gauzak horrela, hasiak gara entzuten trantsizio energetikoa baino, segurtasun energetikoa bermatu behar dela dioten adierazpenak. Horretarako, elektriken irabazi handiak mugatu eta sektore estrategiko gisa kontrol publiko eta sozialean berenganatzeko bideorria baino; langile eta herri sektoreen pobretzearekin aberasten ari direnen aurkako neurri sakonak hartu baino, aurreko krisietan bezala agintari politikoek gerrikoa langileok estutu eta ahalegin berriak egin ditzagun eskatzen digute.
LABen iritziz, datorren udazkenean larriagotu daitekeen egoerari erantzuteko, beharrezkoa da neurri politikoak oinarri sinple bezain erradikalean egitea: langile eta herritarron bizi baldintzak eta planetaren bioaniztasuna ziurtatzea.
Horrek esan nahi du argindarraren prezioa ezartzeko sistema marginalista aldatu beharra dagoela, erreforma fiskal eta neurri zehatzen bidez, oligopolio energetikoak irabazitako mozkinetan eskua sartu behar dela eta energia bezalako sektore estrategikoetan kontrol publiko eta soziala bermatu behar dela.
Norabide horretan, Sanchezen gobernutik zein Urkullu-Tapia tandemak edo Chiviteren gobernuen neurri epelak guztiz eznahikoak direla salatzen dugu, baita interes enpresarialen menpe daudela ere. Noski planetaren muga biofisikoak kontuan izan eta jarrera indibidualetan aldaketa eman behar dela, baina gaitasunen araberako ahalegina da arautu beharrekoa.
Gauzatu beharreko trantsizioa ezin da herri sektoreon jarrera indibidualetan oinarritu soilik eta horretarako lurraldearen planifikazio eraginkor eta ekoizpen eredua berraztertzearekin batera urgentziaz energia xahutze erraldoiak egiten dituztenei eta prezioen igoerekin aberasten direnei gehiago murriztera derrigortu, zerga gehiago ordainarazi eta haien espekulazio eta esplotazio asmoei muga jarri behar zaie.
Beraz, larrialdi ekosozialari errotik erantzuteko proposamenak eta neurriak behar ditugu. LABek bere Programa Sozioekonomikoan bildu ditu hamaika proposamen eta hurrengo hilotan langileok bizi dugun bizitzaren garestitzearen aurka borrokatu eta zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatzeko indarrak biderkatuko ditu.
Gehiago

Aroztegiko auziperatuei elkartasuna adierazi eta manifestazio nazioanalean parte hartzeko deia egin dute NUPen

1
Aroztegiari aurre egiteagatik auziperatuekiko elkartasun manifestazioan parte hartzeko deia egin du Ernaik
