Justiziak legez kanpokotzat jo du Cirmauto itxiera eta langileentzat 2,2 milioietako kalte ordaina ezarri du

ELAk irabazitako epaiak greba eskubidearen urraketa onartzen du eta EEE egitean enpresen zigorgabetasunari muga ezartzen dio. ELAk langileen borrokaren balioa nabarmendu du eta Cirmautoren interesen aldekoa izan den Nafarroako Gobernuaren gelditasuna kritikatu du.

2022-ko urriak 6

Cirmautoko zuzendaritzak 2021eko urrian jakinarazi zuen plantillako 28 pertsonak kaleratu eta enpresa ixteko asmoa zuela. Hasieratik, plantilla enplegua erregulatzeko espedientearen (EEE) aurka agertu zen eta bere lanpostuei eusteko borroka egin zuen. Enpresak ez zuen inoiz negoziatzeko edo Cirmauto ixteko alternatibak proposatzeko asmorik izan. Hau guztiagatik, plantillak greba mugagabea hasi zuen azaroaren hasieran, eta ELA sindikatuaren laguntzarekin, plantillak Nafarroako Gobernuari enplegua ez suntsitzeko eta enpresa bideragarri bat ez ixteko inplikatzeko eskatu zion.

EEE akordiorik gabe amaitu zen eta borrokak epaitegietan jarraitu zuen. Orain, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio ELAri eta legez kanpokoa deklaratu du Cirmautoko EEE.

Auzitegi honek bi arrazoi nagusirengatik deklaratu du legez kanpokoa Cirmautoko EEE. Alde batetik, negoziazioa ez zelako fede onekoa izan enpresak ez zuelako inolako negoziaziorik edo proposamenik egin, eta legearen formalitateak betetzera mugatu zen. Bestetik, greba eskubidea urratu zela dio Auzitegiak, enpresak egindako itxiera patronalak greba eskubidearen urraketa ekarri zuelako.

EEE baliogabetu denerako enpresa itxita dagoenez, ezinezkoa da plantilla berriz lanean hastea. Horrek suposatzen du Cirmautok bidegabeko kaleratze bati dagozkion zenbatekoak eta kaleratzearen datatik (2021eko abenduaren 10a) epaia eman arteko (2022ko urriaren 3a) lansariak ordaindu beharko dituela. Gainera, 10.000 euro ordaindu beharko dizkio ELAri greba eskubidearen urraketagatik. Guztira, enpresak 2,2 milioi euro baino gehiago ordaindu beharko dizkie 28 langileri.

Epaiaren garrantzia Cirmauton gertatutakotik haratago doala azpimarratu du ELAk. “Lehenik eta behin, patronalari ohartarazten dio argi eta garbi: lan erreformak enplegua erregulatzeko espedienteak errazago egitea ekarri bazuen ere, denak ez du balio. Enpresek kaleratzeak egiteko normalean izaten duten zigorgabetasuna mugatuagoa dago orain”, dio sindikatuak.

Bestalde, sindikatuak salatu du enpresaren interesen alde jokatu zuela Nafarroako Gobernuak Cirmauton enplegua defendatu beharrean. “Are gehiago, enpresak justifikaziorik gabeko itxiera patronala egin zuenean eta greban zeuden pertsonak ordezten ari zenean”, gogoratzen du ELAk.

Azkenik, ELAk Cirmautoko langileek egindako borrokaren balioa azpimarratu nahi izan du sindikatuak.

Gehiago